Lehendabizikoa, Ttakun Kultur Elkarteko lehendakaria den Tomas Arrizabalagarekin sinatu zuen.
Honen bitartez, elkarteak 2011-12 ikasturterako hitzartutako egitasmoetarako 174.371,73 eurotako diru-laguntza jasoko du. Euskara batzorde buruak jakitera eman zuenez, hitzartutako programak hamaika izan dira eta hiru multzotan banatu daitezke.
Alde batetik, multzo nagusia haurren eta gazteen aisialdia euskalduntzera zuzendutako programak osatzen dute: udako txokoak, gazteentzako kanpaldiak, Amaraun ludoteka, Kuadrillategi programa, etb.
Bestetik, Udalak Txintxarri aldizkaria laguntzen du diruz, eta azkenik, Solaskide-solasbide programa ere babesten du. Ekimen honen bitartez, euskara ikasten ari diren edo euskaraz hitz egiteko harreman-sareak nahi dituzten herritarrak euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonekin harremanetan jarri eta astean behin edo bitan batzen dira euskaraz mintzatzeko.
Boris Nogalesek adierazi zuenez, “Ttakun Kultur Elkartea arduratuko da programa horien guztien antolaketa osoa prestatzeaz, jasoleei informazioa ezagutarazteaz, behar diren langile guztiak kudeatzeaz, ebaluatzeaz eta diru-kontuak kudeatzeaz”.
Ikastetxeekin ere
Bestalde, Alkateak herriko lau ikastetxeetako Guraso Elkarteetako lehendakariekin ere hitzarmenak sinatu zituen.
Sasoeta ikastetxeko Burunzpe guraso elkarteko Mari Luz Muñoz lehendakariarekin eta Institutuko Kaxkarro guraso elkarteko Juan Jose Martín lehendakariarekin hitzarmen bana eta Landaberri ikastolako guraso elkarteko Joxe Sarobe lehendakariarekin bi hitzarmen, bata lehen hezkuntzako ikastetxeko programekin eta bestea bigarren hezkuntzakoekin.
Sinadura saioan Udaleko Euskarako Batzordeak eta ikastetxeek hasiera-hasieratik, gure herriko haur eta gazteen hizkuntza-gaitasuna hobetzeko eta euskaraz hitz egiteko ahalik eta erraztasun eta ohitura gehien lor zezaten elkarren eskutik lan egin dutela gogoratu zuten.
Lau ikastetxeekin sinatutako hitzarmenak desberdinak badira ere, bai programetan baita dirutan ere, guztira 44.323,90 eurotako aurrekontua izango dute.
Honela, Udalak diruz lagundutako programen artean ikastetxeetako Irakutrezin, Esazu eta Irrintzi aldizkariak, pertsonaia ezagunen bisitak, eskola-orduz kanpoko jarduerak euskalduntzeko Hezitzaileek asko egin dezakete! programa, Lagunarteko hizkerarekin jolasean programa edo Ahozkotasuna eta bertsolaritza programa bezalakoak daude. Hitzarmen hauekin, gainera, Udala eta ikastetxeen arteko harremana sistematizatu eta kudeaketa hobetu nahi dute.