“Beharrezkoa zen Txintxarri sortzea”

maider-azurmendi 2012ko ots. 13a, 01:00
Ttakun Kultur elkartea 1991. urtean sortu zen. Ordurako, zenbait proiektu garatzeko asmoa zegoen elkartearen baitan eta proiektu horietako bat zen euskara hutsean herriko aldizkaria kaleratzea. Sebastian Kerejeta, garai hartan elkarteko lehendakariak azaldu digu nola sortu zen Txintxarri eta bidean aurkitutako oztopo eta laguntzak argitu dizkigu.
Gure herriko informazioa soilik DVko kronika eta Lasarte-Oria aldizkariaren bitartez jasotzen genuen garai hartan, biak gazteleraz" kontatu digu Sebastian Kerejetak. Beraz, euskarak herrian zuen presentzia ez zen nahikoa hizkuntzaren normalizaziorako eta “beharrezkoa zen Txintxarri jaiotzea”.
Aldizkaria sortuko zela erabakita, kontuak atera behar ziren, dirua nondik lortuko zen ikusi eta proiektua pausoz-pauso garatzen joan zen. Noski lan taldea oso garrantzitsua zen eta hau osatuko zuten pertsonak bilatu behar ziren. “Gure nahia euskaraz ikasitako kazetariak topatzea zen, herrikoak eta esperientziadunak eta ez zen lan erraza izan”. Taldea sortzearekin batera Ttakun elkartearen barruan Txintxarrirentzat zuzendaritza propioa sortu zen eta zeregin hau Mila Eizmendik hartu zuen.

Lehen pausoak

“Ez zen erraza izan baina jende asko genuen inguruan oso gogotsu proiektua ateratzeko” azpimarratzen du Kerejetak. Lan taldeak lan asko egin behar izan zuela gogoratzen du bereziki, “ordu asko sartu eta soldata eskasak, besterik ez genuen eskaintzeko”. Lehen lan talde horretan zeuden Nekane Zapirain eta Marilu Garmendia kazetariak eta publizitate arduraduna Maialen Suberbiola.
Aipagarria da Sebastianentzat garai hartan udaleko euskara zerbitzuak emandako laguntza. “Jasotako babesa hasieratik nabaria izan zen eta asko lagundu ziguten”. Hasiera horretan, ezin ahaztu doan idazten zuten kolaboratzaileak edota aldizkaria banatzeko sortu zen taldetxoa ere. “Argi daukat, gogotsu lagundu ziguten pertsona horiek gabe, Txintxarri ez zela aurrera aterako. Benetan eskertzekoa da egin zuten lan guztia”.
Txintxarri eta Ttakun elkartearen inguruan herriko jende asko zegoen bere babesa ematen. Jendeak euskararen alde egiteko gogotsu zegoela dio Kerejetak eta horrekin batera, beti laguntzeko prest. “Mugimendu eta babes hori oso beharrezkoa izan zen batez ere hasieran proiektuarekin aurrera egiteko, ezinbestekoa”.

Harrera beroa

Lehen aleak izandako harrera harrigarria izan zen. Euskaldun zaharrek ondo hartu zuten euskaraz idatzi eta irakurri ahal izatea, batez ere herriko albisteak zirelako. Herrian bestela ikusmina sortu zen aldizkariaren inguruan baita euskaldunak ez zirenen artean ere.
Etxeetan egiten zen banaketa selektiboa zen hasieran, gaur egun ezin da jakin baina garai hartan posible zen udalak zituen datuei esker, behintzat euskaldun bat zegoen familiak kokatzea. Horrela zerrenda bat burutu zen eta etxe horietan soilik uzten zen Txintxarri. “Banatzaile taldetxo bat eratu zen, hauek ere musu-truk, eta eurek banatzen zituzten aldizkariak, hamabostean behin. 3.000 aleko tirada egiten zen”.

Oztopoei aurre

Oztopo nagusia dirua izan zen. Aurreikusi zen aldizkariaren gastuak erdia diru laguntzekin betetzea eta beste erdia publizitatearekin. “Herriko dendariek oso harrera ona egin ziguten eta euren sostengua garrantzistua izan zen”.
Bestetik, Txintxarri sortu zenean, baziren herri aldizkari batzuk Euskal Herrian baina ez eremu hurbilean, Donostia eta Usurbilgoak besteak beste ondoren sortu ziren. Kasu honetan aitzindari izan zen “Arrasate press” 1988an sortua. Honek pauso garrantzitsuak eman zituen eta “gu haiekin ere harremanetan jarri ginen lana nola egiten zuten bertatik bertara ezagutzeko”.
Erreferente faltak eragina zeukan baina azken batean, horrelako komunikabide batek nahiz eta borondatezko lana egiteko prest dagoen jendea eduki, “proiektuak diru babesa behar du eta hor dago gainditu eta landu beharrekoa”. Bere ustez, hasiera horretan oso jende trebea zegoen, askotan dirurik ez eta gauzak aurrera ateratzeko edozein lekutatik ateratzen zutenak. Meritu handia zuten.
Bestalde, beste garai batzuk ziren eta jendearen artean kezka nagusia aldizkaria politikoki posizionatuko zen ikustea zen. Baina Ttakun eta Txintxarriren helburua beti izan da ideia eta iritzi ezberdineko lagunak biltzea “eta uste dut lortu genuela. Iritzi aniztasuna mantentzea zen helburua eta bereziki zaindu genuen ekimen ezberdinak antolatuz, besteak beste mahai inguruak”. Jendeak dena den, borondatea zeukan gauzak ondo ateratzeko eta hala lortu zen ikuspegi anitza Kerejetaren hitzetan.

Normalkuntzarako bidean

Euskararen normalkuntzarako bidea zabaltzea zuten helburu bai Ttakun baita Txintxarrik ere eta Sebastian Kerejetaren ikuspegitik “euskara gehiago entzuten da eta euskara jasotzen da gure elkarbizitzako parte bezala”. Normaltasun batean hitz egiten da euskaraz egun, ezin da oraindik gaztelerarekin parekatu baina aldaketa nabarmena da bere ustetan. “Euskaraz ez dakitenek bere haurrekin euskara egiteko saiakera egiten dute, harrigarria da urte hauetan zenbat aldatu den egoera”.
Txintxarri bera herrian guztiz txertatuta dagoela iritzi dio Kerejetak, “herritar asko izaten da Txintxarri atera zain eta benetan oso pozgarria da lasarteoriatarren artean jarrera hori ikustea. Premiazkoa izatera iritsi da”. Horrekin batera herriko euskaldun zaharrak Txintxarriri esker erraz irakurtzen dute euskaraz.

Etorkizunari begira

Txintxarri jaio zenetik aldaketa asko dira, aldizkari formatuan sortu zen hamabostekari moduan, ondoren astekari izatera pasa zen eta azkenik egungo itxura eta maiztasuna hartu zuen. “Nire ustez formatu aldaketak mesede egin dio nabarmen, iritzi ezberdinak egongo dira honen inguruan baina nire ustez eramangarriagoa da orain, normalagoa, informazio aldetik ere hau da hasieratik markatutako bidea, herrian gertatzen diren gauzen berri ematen da”.
Etorkizunera begira, Sebastianek argi dauka, “Txintxarrik beste 1.000 ale egingo ditu, etorkizun ona izango duela uste dut”. Hala ere “Interneten landu beharko du Txintxarrik bere etorkizuna irakurle gehiagora iristeko. Digitalean bada ere, Txintxarrik bere lekua du herrian eta izango du”.