“Aldizkaria ateratzeko gogoa eta ilusioa handia zen herrian”

maider-azurmendi 2012ko otsailaren 13a

Takun Kultur Elkartea 1991. urtean sortu zen Lasarte-Orian. Elkarteak hasieratik zeukan aldizkaria ateratzeko asmoa baina gauzatu ahal izateko lan asko egin behar izan zen aurretik. Lehen lan taldeak ondo gogoratzen ditu Txintxarriren hastapenak, ez zen erraza izan aldizkaria bera gauzatzea, izan ere, gure inguruan ez zegoen antzeko herri aldizkaririk. Zailtasun guztiak gaindituta Txintxarrik 1.000 alea gainditu du eta hasiera horien inguruan egin dugu solasalditxoa Nekane Zapirain eta Maialen Suberbiolarekin.

Txintxarri aldizkariaren lehenengo lan taldean Nekane Zapirainek kazetari lanak burutzen zituen eta Maialen Suberbiola berriz, publizitateaz arduratzen zen. Lehen alea argitaratu zenetik ia hemeretzi urte pasa dira dagoeneko baina ondo gogoratzen dute lehen Txintxarri hura prestatzen botatako izerdia.

Nolakoa izan zen herriko euskara hutsezko aldizkariaren sorrera?
Oraindik ikasten ari ginen biak eta Iñaki Arrutik deitu zigun proiektuaren berri emateko. Bertan lanean hasteko proposatu eta baizkoa eman genion. Egia esan oso gogotsu horrelako ekimen batean parte hartzeko.
Uste dut 1993ko urtarrilean izan zela, hausnarketa talde bat sortu zen aldizkariaren proiektua burutzeko eta horren parte izan ginen biak. Besteak beste, proiektua garatu ahal izateko, orduan martxan zeuden herri aldizkariak ezagutzera joan ginen Debagoienako hainbat herritara Arrasate, Bergara... Bertan lan egiteko moduak ezagutu nahi genituen. Gainera hauetako askotan gure ikaskideak zeuden lanean eta beraiekin harremana mantendu ahal izan genuen Txintxarriren sorrera prozesu horretan.
Lehenengo alearen portada adibidez montaje bat da. Hango aldizkari baten gainean egindako moldaketa bat da, Toquerok gure logoa egin zuen eta gainean pegatuta moldatu ginen lehen alerako argazki hori ateratzeko.

Zein oztoporekin aurkitu zineten hasiera horretan?
Orain gezurra badirudi ere, oztoporik handiena teknologia bera izan zen, ordenagailua. Karrerako urteetan ordenagailua ez genuen ikusi ere egin, bueno irakasgai batean uste dut erabili genuela baina idaz-makina izango balitz bezala. Hortaz diseinua, maketazioa... eskuz egiteko gai ginen baina ez ordenagailuz.
Lehen ordenagailu Macintosh-a erosi zen erredakziorako eta nondik hasi ere ez genekien. Ikastaro bat egin behar izan genuen hain juxtu San Pedro jaietan, hori ongi gogoratzen dut.

Lehen pausua orduan ordenagailua menperatzea izan zen?
Bai, bai, gure lehen erronka zalantzarik gabe hori izan zen. Dena ikasi behar izan genuen, eskaneatzen, argazkiak sartzen, maketatzen... Dena den, publizitateetako irudi guztiak eskuz egiten ziren, rotring-arekin pasa txukun-txukun eta eskaneatu egiten ziren maketan sartu ahal izateko; kriston lana zen!
Eskerrak Xabier Erauskin gurekin izan genuela. Denbora asko eman zuen gurekin informatikarekin genituen arazoak konpontzen, gure aingeru guardakoa izan zen.

Hala ere, lan egiteko moduak beste batzuk ziren, ezta?
Kontutan izan behar da garai hartan ez zegoela telefono mugikorrik ezta internetik ere. Edozerrek kriston lana eragiten zuen. Adibidez publizitatea saltzerakoan, iragarkia margotu eta prestatu behar nuen eta ondoren denda edota tabernara berriro bueltatu behar nintzen bezeroaren oniritzia jasotzeko. Edozein aldaketa proposatzen bazuten, berriz egin, bueltatu, kobratzera joan. Denbora asko joaten zitzaizun "gauza txikiekin".

Lana oso gogorra izan al zen?
Gau osoak pasa genituen lanean, askotan, bokata batzuk afaldu, lanera bueltatu eta gurasoak etortzen zitzaizkigun kafearekin... Ez zen bakarrik idaztea, prozesu guztia zegoen gure esku. Adibidez, Antza inprimategira guk eramaten genuen “removible-a”, disko handi antzeko bat zen eta bertan gordetzen zen aldizkaria, tarteka diseinu guztia mugitzen zen han eta berriz bulegora buelta egin behar genuen maketazioa berriro egitera, oso lan gogorra zen! Emaitza txikienak lan asko zeukan atzean, jendeari esaten genionean, ez zuten sinisten hainbesterako zenik... Ilusiorik gabe ezinezkoa izango zen aurrera ateratzea.
Elkarrizketa bat egitetik bueltan, argazkia komunean errebelatu behar genuen, tarteka gaizki atera eta berriz joan behar ginen elkarrizketatuarengana beste argazki bat ateratzeko. Aurrerapauso handia izan zen Etxarrik ordu beteko errebelatua martxan jarri zuenean, behintzat argazkiekin denbora irabazi genuen. Bere bezero hoberenak ginen Txintxarrikoak.

Baina lan horretan ez zeundeten bakarrik...
Zorionez ez. Nahiz eta lanean Maialen eta Nekane izan, eta urrian Mailu beste kazetaria hasi bazen ere, gure inguruan beti jendea zegoen laguntzeko prest, besteak beste guk beste lanak egin bitartean, errebelatzeko edota idazteko prest egoten zirenak. Banaketa taldea zegoen, Toquerok tira egin eta diseinuekin laguntzen zigun, hizkuntzalaritzan, testuak zuzentzen beste pertsona batzuk zeuden, tartean kazetariak ere bazeuden eta gaiekin laguntzen ziguten, tarteka beraiek idazten zituzten erreportaje eta elkarrizketak.
Aipatutako kolaboratzaile horietaz gain, beti etortzen zen jendea albisteak ematera edo elkarrizketa posibleak proposatzera. Egia esan hasierako hilabete zail horietan ez ginen bakarrik egon. Nabari zen jendearen ilusioa.

Nola hartzen zuten tabernari, dendari eta abarrek euskara hutsezko aldizkarian publizitatea jartzeko proposamena?
Iragarkiak saltzen hasteko, Bergarako aldizkaria oinarri hartuta, Txintxarrik izango zuen itxurarekin ale bat sortu genuen eredu modura. Hori eta tarifak hartuta hasi ginen dendaz denda.
Euskara hutsezko aldizkaria izango zela azaltzean, hasieran ez zuten sinesten. Ez zuten proiektuak luze iraungo zuenik uste. Oso ondo gogoratzen dut nola "Gure Etxea"-ko Julianek esan zidan urte betean itxiko genuela Txintxarri, ez zuela gehiago iraungo. Baina oker zebilen. Dena den esan behar da, hori pentsatuta ere, publizitatea jartzen zuela gurean. Nire ikuspegitik, hasieran behintzat, jendeak laguntza bezala jartzen zituen iragarkiak. Nolabait proiektua aurrera atera zedin, euskararen alde egiteagatik. Gero ikuspegi hori aldatu zen eta jende askok jartzen zuen bere iragarkia. Publizitatearen aldetik oso urte indartsuak egon ziren.
Martin Berasategik ere laguntza eman zigun. Afari asko eman zizkigun doan guk aldizkarian zozketatzeko.

Edukiei dagokionez. Nola erabakitzen zenituzten gaiak?
Erredakzio kontseilu bat osatu zen eta hau biltzean aukeratzen ziren landu beharreko gaiak. Oso argi geneukan Txintxarrik anitza behar zuela izan, alderdi eta iritzi guztientzako lekua izan behar zuen eta bereziki landu eta zaindu genuen hau. Ez genuen kontu honengatik arazorik izan.
Aniztasun honetan oso lagungarriak zitzaizkigun foroak, sarri antolatzen genituen. Normalean herriko gai garrantzitsuak edota eztabaida sortzen zutenak hautatu eta iritzi eta alderdi ezberdinetako kideak biltzen genituen. Eztabaida hauek oso mamitsuak izaten ziren eta aldizkarian jasotzen genituen.

Nola gogoratzen duzue lehen alearen harrera?
Harrera oso oso ona izan zen. Guretzako harrigarria izan zen hainbesteko babesa jasotzea eta hain gustura hartzea herrian gurea bezalako aldizkari bat. Hasieran gure beldurrak eta kezkak izan genituen eta oso polita eta pozgarria izan zen jendeak Txintxarri ondo hartzen zuela ikustea. Kultur etxean aurkeztu genuen ofizialki lehen alea eta hunkigarria izan zen.
Gainera oroitzen naiz urrian edo, Txintxarri sortu zen garai berean, Zumaburuko enpresa batek aldizkari bat kaleratu zuela. Hau gazteleraz zen eta pentsatu genuen honek eramango zuela publizitate guztia edo gehiena, izan ere, guk soilik euskaraz jartzen genituen iragarkiak. Baina ez zen horrela gertatu, apenas izan zuen arrakasta eta hilabete gutxi iraun zuen.

Anekdota berezirik gogoratzen al duzue?
Anekdotak asko, esan bezala gau asko egin genituen lanean, batez ere lehen aleak ateratzeko eta hor gauza asko sortzen ziren. Esaterako lujo bakarra portada bakoitzari kolore ezberdin bat ematea zen, ale bakoitzarentzat bat hautatu behar genuen eta hasieran erraza izan zen baina gerora zein koloretan jarri ere ez genekien eta errepikatzen hasi behar.
Beste batean, San Juanetako ale berezi batekin gertatu zitzaigun inprentara joan eta ezer ez egotea diskan, arazo bat tarteko ez zen ezer gorde eta bulegora bueltan gau osoa pasa genuen ale guztia berriz egiten... Inprentako langile bat Hernanin bizi zen eta hara joan behar izan ginen goizean goiz diskoa ematera, ahal bezain laster inprimatzeko.

1.000. alera iritsiko zela pentsatzen al zenuten?
Egia esan, nik uste dut ez genuela ikusten hainbeste denbora iraungo zuenik. Egia da ere gure inguruan ez zegoela horrelakorik eta etorkizuna ez genuela guztiz argi ikusten, agian erreferentzia falta hori zela eta. Aldizkariak egin duen bideari erreparatuz, pozgarria da oso bizirik jarraitzen duelako. Erronka behintzat beste hainbeste egitea da. Herrian oso sartuta dago aldizkaria eta ez edukitzekotan faltan botako genuke.