Txintxarri medio bikoitza

Txintxarri 2012ko ots. 13a, 01:00
Agindu moduan Txintxarri berritu bat izango duzue laster eskuartean. Ia hemeretzi urte beteta herriko aldizkariak aldaketa asko jasan ditu, nabarmenenak ale honetan ikusi ahal izan den moduan, maiztasunean eman dira baina baita itxuran ere. Aldizkari formatoarekin hasi zen Txintxarri hamabostekari moduan, orain berriz, astean bitan banatzen da eta egunkari formatuan. Erronka berriak ordea, nahiz eta paperean ere ikusiko diren, sarean daude. Web gune berri bat hasi gara osatzen eta laister izango duzue hau ikusteko aukera. Guztiz eraberritutako ezinbesteko tresna izango da aurrerantzean. Eduki berriak, bideoak eta sare sozialek hartuko dute lekua.
1.000. alera heldu da Txintxarri eta honekin batera berrikuntza garaia iritsi da.
Hamar urte dira Txintxarrik “tabloide” itxura hartu zuela eta denbora tarte honetan soilik itxura aldaketa nabari bat eduki du. Bada garaia beraz, tendentzia berriei jarraikiz orraztu bat emateko gure Txintxarriri.
Ale borobil honekin batera herriko aldizkarian ate bat itxi eta garai berri bati ekiten zaio.

Berehalakotasuna

Aspalditik Txintxarri aldizkariak eta txintxarri.info web guneak lasarteoriatarrak informatzeko euskarri bikoitza osatzen dute baina ez berbera. Eta ezberdintasun horiek nabarmendu nahi dira orain.
Webguneak albisteak gertatu orduko sarean jartzeko aukera ematen du, sare sozialen bidez zabaltzeko eta albiste horiek gero, astean birritan argitaratzen den aldizkarian jasoko dira. Honetan beste trataera bat izango dute. Informazio osoagoak, sakonago landutakoak izango dira eta beste erreportaje eta elkarrizketa batzuekin batera kaleratuko ditugu.
Gainera orain arte bezala batean zein bestean herritarrentzat erabilgarria den informazioa ematen jarraituko da, agenda, farmaziak, zorion agurrak, elkarte eta erakundeen deialdi eta oharrak, besteak beste.

Informatzea helburu

Txintxarri aldizkariak bere funtzioak betetzen jarraituko du, astean gertatzen diren albisteen berri eman, herritarren elkarrizketa eta herriko gertaerei buruzko erreportajeak... Baina aldi berean, atal berriak sortuko dira eta itxuran ere aldaketak burutuko dira.

Iruzkinak egiteko aukera

Ibilbide berri honetan, bereziki sustatu nahi da herritarren parte hartzea eta horretarako, aldizkarian kale inkestak berriz ere bere tartetxoa izango du herritarren iritziak jasotzeko. Eta web gune berrian ere, albiste zein iritzi artikulu guztietan iruzkinak egiteko aukera izango dute aurrerantzean irakurleek.
Berrikuntzak ostiraletik aurrera nabaritzen hasiko dira. Ea zuen gustukoak diren!•