13_“Beharrezkoa zen Txintxarri sortzea”

maider-azurmendi 2012ko otsailaren 13a

Ttakun Kultur elkartea 1991. urtean sortu zen. Ordurako, zenbait proiektu garatzeko asmoa zegoen elkartearen baitan eta proiektu horietako bat zen euskara hutsean herriko aldizkaria kaleratzea. Sebastian Kerejeta, garai hartan elkarteko lehendakariak azaldu digu nola sortu zen Txintxarri eta bidean aurkitutako oztopo eta laguntzak argitu dizkigu.

Gure herriko informazioa soilik DVko kronika eta Lasarte-Oria aldizkariaren bitartez jasotzen genuen garai hartan, biak gazteleraz" kontatu digu Sebastian Kerejetak. Beraz, euskarak herrian zuen presentzia ez zen nahikoa hizkuntzaren normalizaziorako eta “beharrezkoa zen Txintxarri jaiotzea”.
Aldizkaria sortuko zela erabakita, kontuak atera behar ziren, dirua nondik lortuko zen ikusi eta proiektua pausoz-pauso garatzen joan zen. Noski lan taldea oso garrantzitsua zen eta hau osatuko zuten pertsonak bilatu behar ziren. “Gure nahia euskaraz ikasitako kazetariak topatzea zen, herrikoak eta esperientziadunak eta ez zen lan erraza izan”. Taldea sortzearekin batera Ttakun elkartearen barruan Txintxarrirentzat zuzendaritza propioa sortu zen eta zeregin hau Mila Eizmendik hartu zuen.

Lehen pausoak

“Ez zen erraza izan baina jende asko genuen inguruan oso gogotsu proiektua ateratzeko” azpimarratzen du Kerejetak. Lan taldeak lan asko egin behar izan zuela gogoratzen du bereziki, “ordu asko sartu eta soldata eskasak, besterik ez genuen eskaintzeko”. Lehen lan talde horretan zeuden Nekane Zapirain eta Marilu Garmendia kazetariak eta publizitate arduraduna Maialen Suberbiola.
Aipagarria da Sebastianentzat garai hartan udaleko euskara zerbitzuak emandako laguntza. “Jasotako babesa hasieratik nabaria izan zen eta asko lagundu ziguten”. Hasiera horretan, ezin ahaztu doan idazten zuten kolaboratzaileak edota aldizkaria banatzeko sortu zen taldetxoa ere. “Argi daukat, gogotsu lagundu ziguten pertsona horiek gabe, Txintxarri ez zela aurrera aterako. Benetan eskertzekoa da egin zuten lan guztia”.