15_Bi milioi euro itzuli behar ditu Udalak

Txintxarri 2012ko otsailaren 15a

Azken urteotan Foru Aldundiak aurre-ikusitakoa baino diru sarrera gutxiago izan duenez, 2009 eta 2011ko desfaseei erantzuteko Udalak bi milioi euro itzuli beharko ditu 2012an. Pablo Barrio alkate eta Estitxu Alkorta Ogasun saileko buruak egoeraren larritasunaren berri eman dute asteazken eguerdian prentsaren aurrean, arduraz jokatzeko uneak direla esanaz, baina Lasarte-Oria konpromisoari erantzuteko moduan dela nabarmenduz. Irailaz geroztik bazuten susmoa eta ahalegin handia egin dute dirua horretarako gordetzeko.

Foru Aldundiaren 2011ko kontuak itxi eta ikusi dute diru sarrerak aurre-ikusitakoak baino %12 txikiagoak izan direla eta beraz, Gipuzkoako Udalek aurten 50 milioi euro itzuli behar dizkiotela Aldundiari. Konkretuki Lasarte-Oriak 1.258.224 milioi euro. Eta gainera, horri 2009. urteari dagozkion beste 814.273 euro gehitu behar zaizkio, beraz guztira bi milioi euro baino gehiago, 2.072.497, itzuli behar ditu Lasarte-Oriak 2012.ean.
Beraz, krisi ekonomikoaren eragina Gipuzkoa eta Lasarte-Orian “latza” dela eta denok “alarmismorik gabe, hausnarketa serioa” egin behar dugula uste dute Lasarte-Oriako agintariek: “Alarmismorik gabe diogu, Udala ordainketa horiei aurre egiteko moduan baitago eta halaxe egingo du, Aldundiak ezarritako epe eta baldintzetan. Beraz lasarte-oriatarrak lasai egon daitezke”.
Dena den, 2012ko aurrekontuak ixteko Udalak hausnarketa sakona eta eraginkorra behar duela aurreratu dute Barrio eta Alkortak. “hausnarketa egiten ari gara eta zuhurtziaz jokatzen ere bai, are gehiago aurreko korporazioak utzitako azken momentuko sorpresatxoak kontutan hartzen baditugu”. Besteak beste, Udaletxe berrian sartzeko ordaindu beharreko 600.000 euro estrak eta Zabaletan obrak egiteko konpromisoa hartu bai baina diru erreserbarik egin ez zelako behar diren 800.000 euroak.
Udal ordezkariek argi dute konponbideak ez duela “sekretu handirik, diru sarrerak murrizten badira, gastua ere murriztu beharko dugu, horrek dakartzan ondorioekin”.
Dena den ziurtatu dute, zerbitzu publikoak orain arte bezala emango direla eta gastua murrizteko inbertsioak atzeratu egingo direla. Estitxu Alkortak esan du irailerako bazirela gertatu zitekeenaren berriak, jada ordutik ahalegin handia egin dutela gastuak murrizteko, milioi bat euro gorde dutela eta horri esker daudela egoerari erantzuteko moduan.
Hurrengo urteei begira, litekeena da udal ordezkarien ustez, Udaleko diru-sarrerak nabarmen gutxitzea. “Egoera berrira moldatu beharko dugu beraz”, kalitatezko zerbitzu publikoak ziurtatzeko. Jakina da jada, 2009ko aurreikuspen okerrei erantzuteko hurrengo urtean dirua itzuli beharko zaiola Aldundiari. Orduan ere aurre-ikusitakoa baino diru gutxiago bildu zuen Aldundiak eta Udalek dirua hiru zatitan itzultzea hitzartu zen. 2012an bigarren epeari dagokiona ordainduko dute, guztira 814.273 euro.
Bukatzeko Udalaren izenean Pablo Barriok egoerari buruzko gogoeta txiki bat plazaratu zuen: “Merkatuan oinarritutako ekonomiak bere benetako izaera azaltzen digu eta ezin gaitezke itsuak izan. Oraingo krisia ez da orain arte ezagutu dugun horietako bat, hau krisi sistematikoa da. Arlo guztietan inposatzen ari diren aldaketa murriztaileak ez dira pasakorrak, egiturazkoak baizik, irauteko jarriak, beraz. Etorkizunak ez du iraganarekin antz handirik izango. Honen guztiaren aurrean zer egin? Badugu hor gogoeta serio bat egiteko galdera”.