Otsailaren 16tik 19ra, datorren ostegunetik igandera, Lasarte-Oriako inauterietan “aktiboki parte hartzera” gonbidatu ditu lasarteoriatar guztiak, herritarrei zuzendutako bando baten bidez, Taxio Arrizabalaga, Lasarte Oriako Udaleko Gazteria, Festak eta Kirola Batzordeko lehendakariak.
2012ko inauterietarako, elkarte eta konpartsekin elkarlanean, “olinpiadak” gaia hautatu dutela gogoratzen du zinegotziak bandoan, eta festan parte hartzeko gonbidapena luzatu: “Animatu nahi zaitugu egun horietan mozorro zaitezen, olinpiaden gaiak iradokitzen dizun edozein motiborekin, eta parte har dezazun antolatutako jardueretan".
Gainera, etxeko leihoak eta balkoiak telaz eta globoz apaintzeko proposamena luzatu du jai batzordeak eta horretarako eredu bat zabaldu ere bai. Irudian ageri denez, Kultur Etxeko balkoia apaindu dute zapi eta globoekin.
“Har ezazu parte, hartara guztion gustuko inauteri-festak egin ahalko ditugu” bukatzen da Arrizabalaga Gazteria, Festak eta Kirola Batzordeko lehendakariaren bandoa.