Udalak aztergai
Aurtengo gaia Udaletan erabiltzen den hizkuntza-politika izango da.
Andoni Busquet Eudeleko ordezkariak herri erakundeek euskararen erabilera soziala sustatzeko aurrera daramaten politikaz hausnartzea eta eztabaidatzea komenigarri dela adierazi zuen prentsaurrekoan.
Era berean, euskara zerbitzuetatik euskararen erabilera soziala hedatzeko lan itzela egiten dela azpimarratu zuen.
Patxi Martinez de Marigortak Eusko Jaurlaritzako ordezkariak euskara zehar-lerro bat dela adierazi zuen, “hizkuntza-politika zehar-lerro bezala ulertu behar da. Erakunde osoari dagokio, baita gizarte osoari ere, ez bakarrik sail edo zerbitzu jakin bati”.
Jardunaldiak
Gauzak honela, Euskal Herriko euskara batzordeetako teknikariak Lasarte-Orian bilduko dira martxoaren 28 eta 29an.
Bi egun hauetan, aipatu legez, Udaletan erabiltzen den hizkuntza-politika aztertuko dute eta iaz bezala, hausnarketari beste ikuspuntu bat emateko Euskal Herriko hizlariez gain, kanpokoak ere etorriko dira, hala nola, Bernat Joan i Mari filologo katalana.
Boris Nogales Lasarte-Oriako Euskara batzorde buruak izena ematea hilabetez irekia egongo dela eta matrikula www.udaltop.com web orrialdearen bitartez egin behar dela gogora arazi zuen.
Honetaz gain, antolatzaile guztiek eskertu zuten “garai zail hauetan” Kutxabank-ek proiektu hau babestea.