Bigarren eskuko merkatuan parte hartzeko aukera dute herritarrek

Txintxarri 2012ko otsailaren 17a

Sanmarko Mankomunitateak Merka2sanmarcos bigarren eskuko azokaren bosgarren edizioa antolatu du.
Ekimena otsailaren 25etik aurrera eramango da aurrera mankomunitean eta hondakinen sorrera murrizteko helburua du. Lasarte-Orian martxoaren 17an burutuko da Okendo plazan bigarren eskuko merkatua.
Berrerabilera

Mankomunitatetik azaltzen dutenez, “gaur egun badira gauza asko jada erabiltzen ez ditugunak; esaterako, arropa, liburuak, jostailuak, kirol-materiala... Gehienak egoera onean daude; baina, hala ere, zaborretara bota edo kaxatan pilatzen ditugu”.
Horrenbestez, hauek trukatu, oparitu edo saldu daitezkeela gogoratzen dute Sanmarkotik. Eta era honetara, produktuen iraupena luzatu eta berrerabilera sustatu ahal izango dute herritarrek.
Ildo beretik, bigarren eskuko merkatuaren helburu nagusia mota guztietako erabilitako objektuen berrerabilera bultzatzea da.
“Horrela, sortzen dugun hondakin kopurua murrizten lagunduko dugu ekologia bideragarriko ekimen baten bitartez,” adierazten dute mankomunitatetik.
Postuak

Gauzak honela, mankomunitateak jakin arazten du Merka2sanmarcos azokan salmenta edo truke postua jarri nahi dutenentzat izena emateko epea ireki dela.
Hau doako zerbitzua da eta partikularrei, elkarteei edota ikastetxeei zuzenduta dagoela gogoratzen du mankomunitateak.
Postua erreserbatu nahi dutenek www.merka2sanmarcos.org webgunean edo 943 670249 zenbakira deitu behar dute.