Gaurkoan eskoletako haurren txanda izango da. 15:00etatik aurrera Sasoetan eta Garaikoetxean inauteri festak egingo dituzte.
Lehenek, olinpiada festa burutu ondoren txokolate jana egingo dute. Garaikoetxeako ikasleek berriz, euskal inauteria izango dute ardatz euren dantza eta ospakizunerako.
Parte hartzea sustatu
Amalur trikiti eta pandero eskolakoak arduratuko dira larunbat goizean herriko kaleak girotzeaz. Hauek 11:30ean parte hartzaile guztiekin egingo dute bat eta kalejiran abiatuko dira herriko kaleetan barrena inauteri giroa txoko guztietara hel dadin. Eguerdian, Lasarte-Oriako Olinpiar Jokoak inauguratzeko ekitaldi berezia egingo da Okendo plazan eta bertan olinpiar zuzia piztuko dute bildutako kirolariek. Ekitaldi ofiziala Gauerdi txarangak girotuko du.
Txarangarekin batera Olinpiar zuziak ere ibilbidea egingo du herrialde ezberdinetatik iritsitako kirolarien eskutan eta herriko taberna batzuetan egingo du geldialdia, Artizar, Dakara, Ilargi, Kantoi, Galicia, Buenetxea, Abend, Yolanda, Insausti eta Avenida tabernetan hain zuzen ere.
Hauetan eta Trumoi tabernan, pintxo poteo olinpikoa egin ahal izango dute kirolari trebeek. Antolatzaileek mozorrotzeaz gain, ekimen honetan parte hartzera animatu nahi dituzte herritarrak.
Haur eta helduentzat
Okendo plazan, 12:30etatik aurrera, “Zumetarrak” eta Zakilbeltzen taldeen emanaldiak ikusi ahal izango dira eta hauen ondoren, Ttakunek antolatuta, haurrek herri kiroletan aritzeko aukera izango dute. Hauetan lasai ibiltzeko elkarteko begiraleak egongo dira txikienei laguntza emateko prest.
14:30ean herri bazkaria egingo da Okendo plazan jarritako karpan eta hau ABIBA taldearen musikarekin girotuta egongo da festa giroa eten ez dadin. 16:30ean emango zaio hasiera konpartsen desfile handiari. Honetan parte hartuko dute Zabaleta, Amalur, Ttakun, Jalgune, Zumaburu ikastetxeko guraso eta ikasleak, Zentro Zibikoa, Erketz, Elkar eta Zakili Beltz taldeek euren dantza, ikuskizun eta mozorroekin.
Desfilearen ibilbideari dagokionez, Okendo plazan bertan hasiko da eta Kale Nagusitik Zumaburura abiatuz, jubilatuen elkartean egingo du lehen geldialdia eta Arrieskalleta elkartearen parean berriz bigarrena. Tajamarreko biribilgunea hartuta, Hipodromo etorbidera abiatuko da eta hortik Pablo Mutiozabal eta Geltoki kalean barrena egingo du desfileak 19:00ak aldera Okendo plazan bukatzeko.
Etenik gabeko festa
Desfilea bukatzearekin batera festak ez du amaierarik izango. 19:00etatik hasita haur eta gazteentzako ABIBA taldearen disko jaia izango da Okendon eta jarraian, 20:00etan erromeriak hartuko du bere lekua. Erromeria Amalurrek gidatuko du 22:00ak arte Olinpiar karpan. Afaltzeko atseden labur bat egin eta 23:00etatik aurrera oraindik dantzan jarraitu nahi dutenek aukera izango dute ABIBAren disko festarekin.
Bestalde, Trumoi tabernak kontzertuak antolatu ditu larunbaterako ere, beste giro eta musika motak gustuko dituztenentzako. 18:00etatik aurrera Makulu Ken, Human Disaster eta Bar Remigio taldeen kontzertuak izango dira eta 23:00etatik aurrera berriz, DJ Punk, Rock, Reggae eta Ska festa egingo da. Jalgi kafe antzokian ere 23:30etatik aurrera Salda MR Dubbin DJ-ak funk, salsa eta afrikar musika jarriko du.
Euskal inauteria
Igandean emango zaio jarraipena egitarau zabalari. 12:00etan Euskal Inauteri konpartsak hasiko du bere ibilbidea kotxerasetik abiatuta herriko kaleetan barrena hainbat geldialdi eginda Okendo plazan amaitzeko. Arratsaldean ABIBAk disko jaia egingo du karpan hainbat jolas eta opariren banaketarekin. 18:15ean euskal inauterietako konpartsak ibilbidea egingo du berriz ere eta 19:30ean Ilargi tabernaren parean, panpina erreko dute. Honekin batera agur esango zaiei 2012ko inauteri olinpikoei.
Biyak-Bat zaharren biltokiak ere inauteriekin bat egin eta 18:00etatik aurrera mozorro txapelketa ospatuko du igandean dantzaldi eta guzti.
Udalaren bandoa
Udalak asteazkenean bandoa kaleratu zuen inauterietan parte hartzeko dei eginez. Honetan etxeko leihoak eta balkoiak telaz eta globoz apaintzeko proposamena luzatzen du Taxio Arrizabalaga, Lasarte Oriako Udaleko Gazteria, Festak eta Kirola Batzordeko lehendakariak. Honekin batera inauterietan “aktiboki parte hartzera” gonbidatu nahi izan ditu lasarteoriatar guztiak.