"30 urtetako jantziak aterako ditugu"

jon-altuna-iza 2012ko ots. 17a, 10:38
Euskal Inauteria igande eguerdi eta arratsaldean ibiliko da herriko kaleetan. Aurten 30. aldiz aterako da, eta urte hauetan konpartsak atera dituen jantzi guztiak berriro erakutsiko dituzte. "12-14 dira guztira. Bigarren urtean atera ginen zaku eta zintzilikatutako trapuekin, eta bi urtean behin edo aldatu ditugu trajeak", kontatu digu Felix Telleria antolatzaileak. Gainera, 30 urtean dantza ikuskizuna antolatzen aritu den taldeak lan hori Ttakunen esku utziko du datorren urtetik aurrera.
Euskal Herriko hainbat tokietako inauterietako dantzak 30 urtetan eskaini dituzte kalerik egin gabe herriko dantzariek, Lasarte-Oriako kaleetan, inauterietako igandean, eguerdi eta arratsaldez. Felix Telleriak eman dizkigu xehetasun gehiago.
30 urte, badira urte batzuek...
1982 sortu genuen Euskal Inauteria, Sorgin Dantza bizkortzeko edo indartzeko ideiarekin.
Beraz Sorgin dantza txertatu zenuten inauterietako beste dantzekin batera...
Ibargi taldean ibiltzen ginen orduan, urte hartan ateratzen hasi ginenetik 10 urte betetzen zirenez, 1948an Orian dantza egin zutenei omenaldia egin zitzaien ekainean eta urte horretan hartu genuen beste bide hori ere: inauterietan dantza egiten hasi... eta 30 urtean egin da.
Gu Sorgin dantzarekin hasi ginen eta gero, dantza ikasten ari ziren ikastolako haurren gurasoekin batera, erabaki genuen inauterietako beste dantza batzuek ere gehitzea.

Beti igandetan atera zarete zuen karrozarekin...
Bidea gutxi gorabehera berdina izan da 30 urteotan. Dantzariak aldatu dira, batzuek utzi egin dute, beste batzuek hasi... Urtero ez da Sorgin dantza egin, baina beste dantzak bai.
Inauterietako zein dantza dira?
Denetarik, Nafarroakoak, Lapurdikoak, Behe-Nafarroakoak, Gipuzkoako batzuk...
Eta horien barruan Sorgin dantza, ikuskizunaren parte garrantzitsua al da?
Urtero ez da egin, jenderik ez zelako. Iaz atera ginen, aurten egiteko asmoa dugu, baina ikusiko da, ez dakit seguru. Gazte denak ez daude prest.
Azken urteotan gauza berriak antolatu dira inauterietan, baina, lehen, zuen kalejira elementu garrantzitsuenetarikoa izango zen, noski...
Bai, gaur egun, larunbateko kalejirak indar handia hartu duela iruditzen zait. Lehen ere ateratzen ziren larunbatetan, Erketz-ekoak, eta taberna batzuetakoak ere bai, baina bakoitza bere aldetik. Gu beti igandean.
Arrakastarik izan al duzue?
Batzuetan gehiago, bestetan gutxiago. Irekia da eta, nahi duena etortzen denez, izan dira gora beherak, baina ehun pertsona inguru beti atera gara.
Nafarroako inauteriak dira ezagunenak, hango ohitura eta pertsonaiak ekarri dituzue hona, ezta?
Bai, lan asko egin du Alejandro Romok. Dozena erdi bat buruhandi prestatu ditu euskal inauteriaren bere ideia edo ikuspuntuarekin; lan asko egiten dute karroza prestatzen ere; Txomin Iradi eta koadrila aritzen dira horretan. Karroza gainean garrantzitsuena, beti eramaten duguna, Sorgin dantzako burua da. Musika zuzenean jotzen dugu, gure karrozan ez dago diskorik, esku soinu, txirula,... baizik. Beraz musikariak ere karroza gainean doaz eserita, eta hauen inguruan saiatzen gara karroza koloretsua osatzen.
Urtero aldatzen al duzue karroza?
Bi urtetik behin edo aldatzen da. Burua, ez, burua beti joaten da.
Duela 15 bat urte, Aralarko San Migelen abuzturen 15 batean ikusi genuen nola ateratzen ziren dantzan, asto batekin, txorizoak banatuz,... eta esan genuen, “hau inauterietan ondo legoke”. Ordutik asto bat eta gurdia eramaten ditugu; txorizo, txistorra eta odolkia banatu. Patxi Larrañaga harakinari eskatu genion eta dohainik ematen digu.
Betiko ibilbidea egingo al duzue?
Bai, Kotxerasetik aterako gara eguerdian, Biyak Bat erretiratuen elkarte eta Larrañagaren harategiaren aurrean egingo dugu lehen geldiunea, gero bigarrena, Udaletxe parean, hirugarrena Udal Euskaltegi parean, eta Okendo plazan bukatu 13:30-14:00etan gutxi gora behera. Pare bat orduko buelta. Gero Goiegin bazkaldu eta arratsaldeko 18:30etan Jubilatuetatik plazara joango gara, dantza egin eta panpina erreko dugu. Egun osoan hor ibiltzen da hartza lotuta, batera eta bestera... Azkenean sare batekin harrapatu eta erre egingo dute.
Aurten berezia izango da, zergatik?
30 urte bete direlako batetik eta bestalde, guk antolatuko dugun azken urtea izango delako. Aurtengoa egin eta Ttakunen esku uztea erabaki genuen. Denborarekin, gainera. Elkartea prest badago hor izango dituzte datorren urtean, plataforma, trapu eta beste. Guk segituko dugu urtean zehar dantzan jendeak ezezkoa esan edo aspertu arte, baina antolatzeari utzi egingo diogu.
Gu ez gara elkarte bat, ez ezer. Hiru gara eta pentsa jada, 70-80 urte dituzte besteek.
Ttakunek, gainera, indar gehiago emango dio eta hori pentsatu genuen. Okerrena guk utzi eta amaitzea izango litzateke eta.
Beste berezitasunik izango al du aurtengoak?
Ez, aurreko urteetako jantziekin aterako gara eta betikoa egingo dugu, betiko dantzak, betiko ibilbidea,... agian detaileren bat izango da. Ideia horrekin gaude.
Ikastolan ere egiten dute orain euskal inauteria...
Bai haurrek ondo ezagutzen dute euskal inauteria eta inauteriko pertsonaiak. Herrian kutsua dute eta ohitura hau ez da galduko.
Egon al zara Nafarroan Inauterietan?
Bai Ituren eta Zubietan, astelehen eta asteartean. Aipagarria da, Ttuntturroak iristen direnean errespetu handia izaten dietela. Sartu, buelta egiten dute eta joaten direnean hasten dira besteak euren saltsarekin, ikusleei denetarik botatzen,... hara ez dago dotore dotore joaterik.