Irati Larrañaga eta Maria Eugi LOKEko atleta gazteak izan ziren asteburuan Donostian Euskadiko txapelketetan urrezko domina eskuratu zutenak.
Irati junior mailako jauzi hirukoitzeko proban lortu zuen garaipena. Jauzi bakarrean 11,21 metroetara iritsi zen eta urrezko dominaz gain, Espainiako txapelketarako txartela eskuratu zuen.
Maria Eugik, berriz, 300 metro proban eskuratu zuen garaipena. Kadete mailako lasterketan erraz gailendu zen.
Zilarrezko postuak ere izan zituzten LOKEko gazteek hainbat probatan.
Zilarrezko dominak
Itoitz Rodriguezek 300 metroko lasterketan azken metroetara arte borrokatu zen buruan egoteko.
Maider Rekondok pisu jaurtiketa proban izan zen bigarren. Bosgarren jaurtiketan lehenengo jarri zen 9,44 metro jaurti ostean, tamalez azken jaurtiketan Leire Gorritxategi bizkaitarrak postua kendu zion 9,57 metroko marka egin eta gero.
Eneritz Busto ere izan zen txapeldun ordeetako bat. Altuera proban izan zen eta soilik hiru zentimetrorengatik ez zuen lehenengo postua lortu.
Azkenik Ane Galardi dago. Anek luzera jauzian eta jauzi hirukoitzean lortu zituen dominak, zilarrezkoa eta brontzezkoa hurrenez hurren. Luzerako proban 5,13 metroko jauzia egin zuen saiakeran eta jauzi hirukoitzean, berriz, azkeneko jauzian lortu zuen 10,51 metroetara iristea.
Bestalde, Eneritz Busto gazteak luzera jauzian 4,46 metro egin eta 4. postuan amaitu zuen lehia.
LOKEko Saioa Olasagastik ere 300 metroko lasterketako sailkapen saioan 4. postua eskuratu zuen, baina horrek ez zion finalerako balio izan.
Zorterik ez
Jubeniletan parte hartu zuten Endika Larrañaga eta Jon Ander Bruño gazteek ere ez zuten zorte izan 400 metro proban. Jon Ander deskalifikatua izan zen eta Endikak ez zuen marka ona egin.
Aste honetan senior mailako Euskadiko txapelketan izango dira Donostian.