Rocioko Amaren kofradia kultura elkarte bezala erregistratu da. Elkarteko kideek jakitera eman digutenez, urtarrilaren 29an kofradiak bilera egin eta elkarte bilakatzea adostu zuten kide guztiek.
Elkarteko kideek azaldu digutenez, honen xedea senidetasuna, elkartasuna eta laguntza izango dira eta egoera zailean dauden pertsonak laguntzen saiatuko dira “beti ere, elkarteko giza baliabide eta baliabide ekonomikoak ahalbideratzen dutenean,” azpimarratu dute .
Aipatu digutenez, Rocioko Amaren kofradiak 1995. urtetik Semblante Andaluz elkartearen barruan lan egin du, talde independiente bezala eta honela jarraituko duela azaldu digute elkarteko kideek, “Semblante Andaluzeko adar bat izango gara”.
Urte hauetan guztietan, kofradiak arazo ekonomiko eta sozialak dituzten taldeak, familiak edo pertsonak laguntzen saiatu dela eta Gobernuz Kanpoko erakundeen bitartez, nazioartean arazoak dituzten herrietan ere haien harritxoa jartzen saiatzen direla adierazi digute. Honetaz gain, minusbaliotasuna duten pertsonekin edo pertsona adinduekin lan egiten duten elkarteekin lanean ari dela ere jakitera eman digu.