Telebistako aktoreak ostiralean Kultur Etxean

Txintxarri 2012ko otsailaren 20a

Ezagunak dira telebistan hainbat umore programa eta telesailetan parte hartu dutelako bai “Bodologoak” ikuskizuneko Mikel Pagadizabal, Egoitz Lasa eta Nagore Aranburu, aktore eta testuaren egileak, eta baita Anartz Zuazua zuzendaria ere. Ostiralean arratsaldeko 20:30etan kultur Etxean eskainiko dute "Bodologuak" euren azken lana. Sarrerak on line www.lasarteoriasarean.eu webgunean erosi daitezke 5 euroan eta harpideen artean bi sarrera bikoitz zozkatuko dira. Leihatilan 6 euro balio dute.

Zineman, telebistan edo antzokietan denetariko lanak egin dituzte aski ezagunak diren Mikel Pagadi, Egoitz Lasa eta Nagore Aranburu aktoreek. Azkena, umorezko antzezlan bat prestatu dute aurten. Gaur egungo hainbat gai jorratuko dituzte euren bakarrizketa eta elkarrizketatan: euskalduna izatearen buruko minak, elizako mundu zoragarria, elkarte gastronomikoak, euskaldunon oporrak, opariak, etxeko animalien arropak edota euskaldunok teknologiarekin dugun hartuemana, beti ere, berez, aktore hauek darabilten umore apartarekin zipriztinduak.
"Nork esan zuen euskalduna izatea erreza zela? Eta oporretara joatea mundiala? Zein kristori bururatu zitzaion elkarte gastronomikoak sortzea? Eta Fox Terrierrai txubaskeroa jaztea? Galdera hauei eta beste zenbaitei erantzuteko elkartu dira Mikel Pagadizabal, Egoitz Lasa eta Nagore Aranburu. Serio hartu nahi dituzte gaiak baina, ezin, barrea, algara eta umorea darie eta. Dena prest dago. Kasualitatea ordea! Justu emanaldia baino lehen ezkontza bat izan dute eta funtzioa "bodologo" bihurtuko da. Elegante, zorrotz, petral eta xelebre, baina beti umorez gainezka. Hauxe da "bodologuen" helburua: guk esan eta zuek barre egitea" diote aktoreen antzezlan berriaren aurkezpenean. Ezkontza batetik datoz eta hortik "bodologuak" izenburua.
Bodologoak ostiralean kultur-etxean

Txintxeta ekoizpenak prestatu du lana eta Anartz Zuazua da zuzendaria. Brinkola telesailean edota Wazemank, Noaua eta Finlandia saioetan parte hartu dute besteak beste Lasa, Pagadi eta Aranburu aktoreek, eta Anartz Zuazua zuzendariak berak ere bai. Beraz, horietan guztietan erakutsi duten umorea ekarriko dute ostiralean kultur etxera. Azken urteotan sarri egin dute lan elkarrekin, baina lehenengo aldiz lan honetan igo dira batera oholtza gainera.
Sun magoa larunbatean

Haurrentzako ikuskizuna eskainiko du larunbatean arratsaldeko 18:00etan kultur etxean Sun magoak. Fantasia, komedia eta musikaz beteriko mundua ekarriko du Gasteiztik. 2011n Espainiako Saria eskuratu zuen magoak, goi mailako magia erakustaldiak eskainiko ditu: Agerpen eta desagerpenak, airean igeri egiten duten pertsonak, eraldatzen sinesgaitzak,...
Sun magoa ikusteko sarrera 3,4 euroren truke eskuratu daiteke leihatilan, eta 3 euroren truke www.lasarteoriasarean.eu web orrialdean. Gainera webean harpidetuz gero, bi ikuzkizunentzako sarreren zozketan parte hartzeko aukera izango da.