Kirolak ez du etenik

Txintxarri 2012ko otsailaren 20a

Kirolak ez du atsedenik hartu herrian Inauteri astebukaeran. Besteak beste, areto futbolean Aldaz HK taldeak partida jokatu zuen herriko kiroldegian Soloarte talde bizkaitarraren aurka. Sufrituta, baina irabazi egin zuen azkenean partidua, 1-0eko emaitzarekin. Bestalde, Intza K.E. ere bikain aritu zen Michelingo pilotalekuan jokatutako Euskal Herriko txapelketako ligaxkako azken partiduan. Tamalez, finalaurrekoetatik kanpo geratu dira partida erraz irabaztea lortu bazuten ere.

Areto futbola eta pilota izan dira protagonista herrian Inauteri astebukaeran. Aldaz HK eta Intza K.E. bikain aritu ziren euren partidatan eta emaitza onak eskuratu zituzten herriko taldeek euren norgehiakoketan.
Finalaurrekoetatik kanpo

Intzako pilotari kadeteak Euskal Herriko txapelketako finalaurrekoetatik at geratu dira oso gutxigatik.
Asier Arteaga lasarteoriatarrak eta Mikel Aranguren antiguotarrak osatutako bikoteak nagusitasunez irabazi zuten Markinaren aurka Michelingo pilotalekuan jokatutako partidua, 22-4ko emaitzarekin.
Jose Felix Solano entrenatzaileak aitortu zuenez, partida “zailagoa” izatea espero zuten, aurkariei pilotari titularra falta zitzaiela onartu zuen arren. Gainera, emaitza paregabe honekin Intzako bikoteak agur esan zion honela Euskal Herriko txapelketari.
Ligaxkan hirugarren

Bi ligaxka antolatzen dituzte Euskal Herriko txapelketan, eta bakoitzeko bi lehenengoak pasatzen dira finalaurrekoetara. Intzako pilotarien zoritxarrerako, hirugarren postuarekin konformatu beharko dute.
Hala ere, Solano gustura zen bere mutilek egindako lanarekin: “Pena izan da, Michelinen partidu guztiak irabazi baititugu eta kanpoan jokatutakoen artean baten bat gehiago irabazi bagenu, finalaurrekoetan izango ginateke.”
Aldaz HK bikain

Denboraldi ona egiten ari da herriko areto futboleko taldea. Horren erakusgarri astebukaeran Soloarte talde basauriarraren aurka lortutako garaipena izan zen. Euren helburuei jarraituz, Liga Nazionaleko 3. mailan mantentzeko merituak egiten ari da herriko taldeak.
Partida borrokatua

Kostata eta majo sufrituta irabazi zuen 18. jardunaldiko partida Aldaz HK taldeak.
Gol aukera asko eduki bazituzten ere, kamuts ibili ziren lasarteoriatarrak 10 minuturen faltan garaipenaren gola sartzea lortu zuten arte. 1-0eko emaitzarekin amaitu zen partida.
Hortaz, lortutako hiru puntuak oso garrantzitsuak dira taldearentzat, lasaitasuna ematen diolako hurrengo partidei begira.