21_Saharar herriarekiko elkartasuna adierazi zuen Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2012ko otsailaren 22a

Azken Udalbatzarrean Saharar herriaren egoera azaltzen zuen mozioa atera zen aurrera alderdi guztien onespenarekin. Lasarte-Oriako Udalari eta alderdiei eskerrak emateko Lasarte-Oriako Saharar herriaren lagunak elkarteak eta Saharar herriarekin lotura duten hainbat herritarrek prentsaurrekoa eskaini zuten asteartean. Honetan, mozioa azaltzeaz gain, otsailaren 27an egingo diren ekimenak jakitera eman zituzten.

Saharar herria Aljeriako Tindouf-eko kanpamenduetan herbesteratuak edo Mendebaldeko Sahara okupatuan bizi da duela 36 urtetik hona. Otsailaren 27an, Saharar Errepublikaren aldarrikapenaren urteurrena dela etea, Euskal Herriko Lagunak Mendebaldeko sahararekin bat elkarteak hainbat herrietara mozioa bidali zuen.
Honekin bat egin zuten Lasarte-Oriako Saharar herriaren lagunak elkarteak eta Bilduko zinegotziek Udalbatzara aurkeztu zuten. Aho batez onartu zen.
Horregatik asteartean Saharar herriaren lagunak elkarteak eta Saharar herriarekin lotura duten hainbat herritarrek prentsaurrekoa eskaini zuten batzari eskerrak eman eta mozioan agertzen diren bi ekintza jakitera emateko.
“Aurrerapausu handia da Udal batek horrelako mozioa onartzea,” adierazi digute Saharar Heriaren lagunak taldeko kideek eta “eskerrak eman nahi dizkiegu Bilduri Udalbatzarrean mozioa babesteagatik eta alderdi guztiei”.
“Ongi dator Sahar herriaren egoera gogoratzen duen edozein ekintza egitea,” azpimarratu dute. “Gaia ez da ahaztu behar errefuxiatuek Aljeriako basamortuan daude eta Mendebaldeko Saharako egoera ere ez da erraza,” aipatu digute.
Errefuxiatu kanpamenduei dagokionez, “urtean behin janaria karabana egiten da, baina kontuan izan behar da basamortuan bizi direla eta haien bizitzeko baldintzak ere ez direla egokienak,” jakitera eman digute.

Saharar Errepublika

Gauzak honela, hurrengo astelehenean, otsailaren 27an, Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zeneko urteurrena ospatuko da.
Lasarte-Orian 36. urteurren hau ospatzeko mozioan agertzen diren bi ekintza egingo direla aurreratu digute. Batetik, Mendebaldeko Saharako bandera zintzilikatuko da egun osoan zehar Udaletxeko balkoian.
Eta bestetik arratsaldeko 19:30ean, “Maroko Saharatik at, autodeterminazioa eta independentzia Mendebaldeko Sahararentzat” lemapean Udaletxe aurrean egingo den elkarteratzea dago.
Saharar herriaren lagunak taldea deialdia egiten die herritarrei bertan bildu daitezen.