22_Udalak auzoz-auzoko bilerak hasiko ditu

Txintxarri Aldizkaria 2012ko otsailaren 22a

Lasarte-Orian herritarren parte-hartzea sustatzeko asmoz udalak bilerak egingo ditu auzoz-auzo. Lehen bilerak martxoaren 1etik 12ra burutuko dira eta ondoren bigarren txanda bat zabalduko da martxoaren 20tik 28ra. Lehena Zabaletan izango da martxoaren 1ean 19:00etan bizilagunen elkartean.

Larraitz Sarobe Parte-Hartze teknikaria eta Alaitz Mendizabal saileko burua aurkezpenean.
Alaitz Mendizabal parte-hartze saileko buruaren hitzetan "udalak auzo ezberdinetara iritsi nahi du herrigintza eta parte-hartzea sustatuz". Horretarako udalaren eta herritarren arteko komunikazio bide zuzenagoa bermatzeko, bilera ireki hauek burutuko dira.

Honako auzoetan banatuko dira bilerak:

Zabaleta/Zabaleta Berri/Goiegi Martxoak 1
Oztaran/Zaratain/Kaxkarro Martxoak 2
Basaundi/Oria Martxoak 5
Goikale/Zumaburu Martxoak 6
Atsobakar/Urbarte Martxoak 7
Sasoeta/Loidibarren Martxoak 9
Erdigunea Martxoak 12

Guztiak 19:00etan izango dira eta bilera lekuak zehaztuko dira. Hala ere, udalak etxeetara bidaliko du hauen inguruko informazio guztia. Alaitz Mendizabalek bilera hauen aurkezpenean azaldu duenez, bilerak hiru zatitan banatuko dira, lehenengoan auzotarrei proiektuaren aurkezpena egingo zaie eta hauen ideiak eta proposamenak jasoko dira. Bigarren bileran berriz, proposamen guztien artean, herritarrek lehentasunak finkatu beharko dituzte eta azkenik, hirugarrena erabakiak hartzeko bilera izango da. Honetan udalak eta auzotarrek egindako proiektu ezberdinen emaitzak aurkeztu eta aurrera eramango diren proiektuak erabakiko dira.