Martxotik maiatzera arteko kultur agenda oparoa

Txintxarri Aldizkaria 2012ko otsailaren 23a

Juantxi Ugarte kultura teknikaria eta Boris Nogales batzorde buruak egin dute martxoa, apirila eta maiatzako ekintzen aurkezpena Manuel Lekuona kultur-etxean. Honetan zailtasunak gaindituz, agenda oso eta anitz bat edukitzeko lanean ari direla azpimarratu nahi izan dute.

Egoera ekonomiko zail honetan ez da erraza Lasarte-Oria bezalako udal batentzat nahi beste ikuskizun programatzea Boris Nogalesen hitzetan. Hala ere, Kultura sailetik ahal den agenda oparoena eta anitzena osatzeko ahaleginak egiten dira herritarrek hau bazter ez dezaten. Hau da, "kultura kontsumitzen jarraitzea nahi dugu eta horregatik sarreren prezioa merketzeko joera hartu dugu, beti ahal den neurrian edozeinek ordaindu ahal izateko". Helburu honekin, atalka aurkeztu dituzte datozen hilabeteotan Manuel Lekuonan izango diren ikuskizunak.

Jardunaldi pedagogikoak


Haurrentzako antzerkiari dagokionez, "Aitona Matias" lana ikusi ahal izango da martxoaren 24ean. Hau euskaraz izango da eta Alzheimerra du ardatz. Apirilaren 21ean berriz, euskaraz ere "Hareazko ipuina" antzerkiak hartuko du Manuel Lekuona agertokia eta honetan minbizia izango da gai nagusia.

Honekin batera ekimen berri bat burutuko da herriko eskoletan izan ere, lan honetako bi aktorek jardunaldi pedagogikoak burutuko dituzte umeekin gaixotasunaren inguruan ezagutzak izan ditzaten. Azkenik, maitzaren 12an lehen aldiz Lasarte-Oriako udalaren esku Pirritx, Porrotx eta Marimotots herriko pailazoen "Zazpiko Loroa" ikuskizunaren bi saio egingo dira.

Helduentzako antzerkiari dagokionez, azpimarratzekoa da Glu-Glu taldearen "La Lechuga" lana. Honetan parte hartzen dute besteak beste, Gorka Aginagalde eta Gurutze Beitia aktore ezagunek. Herriko Lan eta Lan Beti Lan taldeak ere "Las siete vidas del gato" antzezlana aurkeztuko du martxoaren 9an eta Danok Kideren eskutik "The...Con Bertolt Brech" izango dugu taula gainean apirilaren 27an.

Dantza, musika...


Lasarte-Oria Dantzan-en baitan "Act of God" Harkaitz Cano idazle lasarteoriatarraren testuetan oinarritutako dantza ikuskizun apurtzailea izango da martxoaren 16an. Apirilaren 14an Kukukaren 10. urteurrenaren ospakizunen baitan "Izanak dirau 1512" dantza ikuskizuna estreinatuko du Lasarte-Orian Ibarrako Alurr dantza taldeak.

nahiz eta ikusle kopurua handia ez izan, zine komertzialetan ez dauden filmak eskaintzea oso interesgarria da zine zaleentzat

Musikak bere tartea izango du ere eta besteak beste, KantaJimJazz-en kontzertua izango da martxoaren 30ean. Haurrentzako zinemari dagokionez, Martxoaren 4an "Malutxo" filma ikausi ahal izango da euskaraz. Martxoaren 11ean "El Gato con Botas", martxoaren 18an "El Cascanueces" eta martxoaren 25ean "Fucsia, la minibruja" filma ikusi ahal izango da. Bestetik Zine Forumaren baitan martxoaren 8 eta 11ean "La fuente de las Mujeres" filma izango da ikusgai Emakumearen nazioarteko egunaren ospakizunen baitan eta martxoaren 15 eta 18an, Pedro Almodovar zuzendariaren "La piel que Habito" azken filma arrakastatsua ikusi ahal izango da. Igandeko proiekzioak duela gutxi hasi badira ere, pixkanaka herritarrak hasi dira saio hauetara joaten. Juantxi Ugarteren hitzetan "nahiz eta ikusle kopurua handia ez izan, zine komertzialetan ez dauden filmak eskaintzea oso interesgarria da zine zaleentzat".

Gainontzean, Lasarte-Oriako danborradaren inguruko argazkiak jasoko dituen erakusketa jarriko da maiatzan.