Ni naiz!

unai-munoa 2012ko otsailaren 24a

Ni naiz mila bederatzirehun eta laurogeita bian, Ama Birjinaren egunean eta lau kiloren jiran erditu nindutena. Bost urte betetzerako bertsolari plantak egiten zituena eta zazpi urtetetatik hamalaura korbata irlandes bat jantzita ikasi zuen huraxe, ni naiz. Ikasle alperra, orduko irakasleen begitan, baina bere bidea egiten asmatu duena, kaleko unibertsitatean master intentsiboak gaindituta.
Ni naiz euskararen aldeko pankarta baten atzean erderaz mintzatua, feminismoaz mahai ingurutan parte hartu eta matxistakeriatan aritua, emozioen defentsan jardun eta negarra izkutatu duena, guraso on izatearen garrantziaz filosofatu duen seme eskasa... Ni naiz!
Hori eta gehiago naiz ni. Gizartearen inkoherentzia eta, apaizen gisan, esatetik egitera dagoen aldea nabarmentzen duen politiko itxurako naufrago bat gehiago. Besteek maita nazaten, nik eraikitako pertsonai baten atzean izkutatu eta ez naizena naizela sinestera iritsi dena, nire gezurrari darion zimaur usaina antzematen hasi den gizona. Tamalez, gure baitan erein dizkiguten eta ditugun moral eta arauen mende bizi garen gizarte lokartu honetan, konturatzea bera, ez da gutxi.
Nintzenaren, naizenaren eta izango naizenaren zubia da denbora. Hori bai, nik igaro behar dudana, ausardiaz eta desioz. Gure alde ilunenak erakusteko beldur gara, epaiketa popular bat egingo digutelakoan, baina garena onartzea bezalakorik ez dago pausoak norabide zuzenean emateko.
Gutako bakoitzak, berez, zabaltzen dugu hurkoari erakargarria zaion argi printza, baina kontrakoa sinesten dugu, eta disimulatzen bizi gara. Ni hau ere banaiz. Zu nor zara?