
Zugarramurdin, bertako leizezuloa eta Sorginen museoa bisitatuko dituzte martxoaren 11ko irteeran parte hartzen dutenek.
Oinatz taldeak prestatu duen egitarauaren arabera, autobusez joango dira Zugarramurdira eta lehenengo, bertako kobazuloa ikusiko dute. Ondoren nahi dutenek Sarara oinez joateko aukera izango dute, gutxi gorabehera ordubeteko ibilalditxoa izango da eta nahi ez dutenek autobusa bertan izango dute zain Sarara abiatzeko.
Lapurdiko herri honetako “leze” ezagunak bisitatuko dituzte ondoren. Zugarramurdira autobusez itzuli eta bertan bazkalduko dute, etxetik norberak eramandakoa. Gero arratsaldean Zugarramurdiko Sorginen Museoa ezagutuko dute.
Zugarramurdiko kobazulo eta museoko sarrerak 5,5 euro balio du (haurrek 3 euro ordainduko dituzte) eta Sarako kobazulokoak ere berdina, 5,5 euro ordainduko dituzte nagusiek, eta 3 euro haurrek.
Sarako leizea ikusteko gida baten laguntza izango dute eta sarrera berberarekin ondoko museoa eta parke megalitikoa ere bisitatu daitezke. Haurrentzat hurbil Etxola Abere Parkea ere zabalik da.
Zugarramurdiko “Sorginen leizea” ere ikusgarria da. 10 metro altuera eta 120 metroko luzera duen Barrunbe nagusiaren erditik “Infernuko erreka” igarotzen da. Beste bi gune txikiago ere baditu kobazuloak.
Sorginen kontuak
1609-1614 artean Zugarramurdin burutu zen Inkisizio prozesuan sorginkeria frogatzat erabili zituzten bertan egiten ziren ospakizunak eta horren ondorio da “Sorginen Leizea” izena. 53 lagun auzipetu eta Logroñora eraman zituzten. Horietatik 11 erre egin zituzten.
XVII. mende hasierako gertakari haiei buruzko xehetasun eta bitxikeriak ezagutuko dituzte martxoaren 11ko txangora joaten direnek Zugarramurdiko Sorginen museoan. Garai hartakoen bizimodua nolakoa zen ere erakusten da 2007tik zabalik den museoan.
Izen ematea Ttakunen
Oinatzek antolatutako autobusa martxoaren 11n goizeko 9:00etan aterako da Jalgi aurretik. Autobus-txartelak 12 euro balio du, 10 euro ordainduko dituzte haurrek eta Ttakuneko bazkideek. Ttakuneko bulegoan daude salgai martxoaren 8ra bitartean.