Bigarren urtea da Olga Blancok hartzen duela bitxigintza ikastaroaren gidaritza eta aurten berrerabilera izango du ardatz.
Zer ikasiko dute ikastaroan parte hartzen dutenek?
Hasteko esan zerotik hasiko garela beraz edozeinek har dezake parte. Erraz egiteko gauzak egingo ditugu, ez da trebetasun berezirik behar. Lehen saioan bakoitza bitxi bat egiteko gai izango da.
Neskak izaten al dira beti horrelako tailerretan parte hartzen dutenak?
Ba egia esan normalean bai neskak izaten dira denak. Duela gutxi lehen mutila izan nuen ikastaro batean ikasle eta oso ondo moldatzen zen. Berak komentatu zidan asko ligatzen zela horrelako bitxiak egiten. Bere ustez neskei asko gustatzen omen zaigu mutilek euren alde artistikoa lantzea.
Azpimarratzekoa da ere, neurri handi batean brikolajea dela bitxia egiteko prozesuaren oinarria. Metalak, kablea bezalako materialak asko erabiltzen dira eta alikateak edota silikona pistola dira erabiltzen diren tresna batzuk beraz mutilak ere parte hartzera animatuko nituzke.
Adinari dagokionez gazteak gehiago izaten al dira?
Gazteak eta helduak. Adinari dagokionez ez dago perfil zehatzik. Taldeak normalean oso anitzak izaten dira. Ikastaroan erabiltzen diren teknikak oso errazak dira eta edozeinek egin ditzake. Gainera adinduentzat bereziki zaletasun ona izan daiteke bitxigintza eskutako arintasuna, trebetasuna mantentzen laguntzen duelako.
Aurtengoan birziklapena landuko duzue ezta?
Bai, Ttakunen egiten dudan bigarren ikastaroa izango da hau eta interesgarria iruditu zait honetan berrerabilera sustatzea. Batetik ingumenaren ikuspegitik, gauzei bigarren erabilpen bat eman behar zaiela konturatu behar garelako eta bestetik, krisia dela eta bitxiak egiteko materialak ez direlako beti merkeak. Gure zaletasuna hau bada, erakutsi nahi dut posible dela diru gutxirekin oso gauza politak egitea.
Etxean izan ditzakegun materialekin egingo ditugu bitxiak beraz izena ematen dutenek euren etxetik ekar ditzakete esaterako kamiseta zaharrak, botoiak, plastikozko botilen tapak, kortxoak, kableak... Materiala hala ere egongo da guztientzat.
Esango al zenuke modan dagoela bitxiak egitearena? Zergatik?
Kuriosoa da baina egun nahikoa merke eros ditzakegu mota guztietako bitxiak. Aukera zabala daukagu dendetan eta prezioak ere askotan ez dira altuak baina nik uste dut aspertu egin garela. Bitxi pertsonalagoak nahi ditugu, ezberdinak, besteek ez dituztenak eta horretarako bidea norberak bere gauzak egitea da.
Lasaitzeko ona al da halako zaletasun bat izatea?
Bai, oso ona. Nire ustez edozein zaletasun eta zehazki eskulanek estresa kentzeko onak dira. Halakoak gainera zaletasun "erosoak" direla esango nuke, izan ere etxean, bakarrik eta edozerrekin burutu daitezke.
Sormena ere behar da...
Bai, garrantzitsua da baina kopiatu daiteke. Esan bezala edozeinek egin ditzake beretzako bitxiak eta gainera egun Interneten eredu pila aurki daitezke. Profesionalagoa izateko bai sorkuntza garrantzitsua da eta beharrezkoa. Denbora gehiago eskaini behar zaio pieza bereziak egiteko, berriak, material ezberdinekin probak egin... emaitzarekin gustura geratu arte.
Zure kasuan lanak saltzen dituzu?
Bai, www.colorarteymimo.artesanum.com webgunea daukat eta tarteka azokatan parte hartzen dut. Oso polita da jendearekin harreman zuzena izatea eta zure lana gustatzen zaiela ikustea. Asko ikasten da, hobetzeko eta gauza berriak egiteko ideia eta proposamenak jasotzen dituzulako. Internet bidez ere salgai ditut nik egindako bitxiak eta tarteka enkarguak ere jasotzen ditut esaterako ezkontza baterako buruko bat egin nuen duela gutxi. Hala ere nik nire lana daukat eta bitxigintza betidanik dudan zaletasuna.
Zer esango zenuke jendeak ikastaroan parte har dezan?
Hasteko gogoakin etortzeko eta lau saiotan asko ikasi daitekela esango nuke. Ikastaroaren nondik norakoei dagokionez, gehienez hamabost laguneko taldea osatuko da, kurtsoaren prezioa 20 eurokoa izango da materiala barne, zenbait gauza berriak, erositakoak izan behar direlako, eta tresnak etxean dituenak ekartzeko. Hiru motatako aliketak erabiliko ditugu moztekoak, biribiltzekoak eta zapaltzekoak. Noski, bertan egongo dira denen erabilerarako baina norbaitek etxean edukiko balitu ekartzea, horrela ez luke hauek erabiltzeko itxoin beharko....Gainontzean ikastaro polita izango dela esan eta animatzeko.