Herrira mugimendua sortu da

jon-altuna-iza 2012ko ots. 24a, 10:46
Euskal preso eta iheslari politikoak pausoz pauso etxera ekartzeko bidea zabaltzearen alde lan egingo duen "Herrira" izeneko mugimendua asteartean aurkeztuko da Lasarte-Orian. Bere lehen helburua presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak indargabetzea izango da, gaixo dauden presoak eta zigor osoa edo hiru laurdenak beteta dituztenak askatzea alegia, eta Villa Mirentxun 19:00etan egingo den bilerara helburu hauekin bat egin duten herritar guztiei luzatu die gonbidapena.
Preso eta iheslariak etxera ekartzeko helburuarekin bat egiten duten herritarren mugimendua sortuko dute asteartetik aurrera “Herrira” izenarekin.
Mugimendu zabala izatea da Herrira ekimenaren xede nagusia, pentsamendu eta iritzi ezberdina duten herritarrak bere baitan bilduko dituen mugimendua eraiki nahi dute Lasarte-Orian. Bultzatzaileen ustez, azken hilabeteotan Euskal Herrian ireki den garai berrian herritar gehienek egiten dute bat eskaera horiekin eta eztabaida ireki nahi dute herritarren artean. “Jendearengana iristeko, gaia kalean egon dadila”.
Esan bezala Herriraren lehen helburua gaixo dauden presoak etxeratzea eta salbuespen neurriak kentzea da, dispertsioa, bizi arteko kartzela zigorra (Parot doktrina), isolamendua eta bakartzea indargabetzea alegia. Honekin batera euskal presoak prozesuan parte hartzeko aukerarekin Euskal Herriko kartzelatan elkartzea, eta gatazkaren konponbidearekin batera preso eta iheslariak etxeratzea.
Herrira mugimenduaren egiteko nagusia, "sentsibilitate eta izaera ezberdina izanik ere, printzipio eta helburu hauekin bat egiten duten herritarrak bildu" eta aipatutako helburuen alde jarduteko espazioa eskaintzea da.

Parot doktrina

Honekin batera, mugimenduaren bultzatzaileek aurreratu dutenez presoen inguruko informazioa bildu eta plazaratzea izango da beste egitekoa, batez ere eskubideen urraketak daudenean.
Lasarte-Oriako lau presok jarraitzen dute kartzelan Parot doktrina ezarri zaielako, Ina Orotegi, Mitxel Turrientes, Txurdi Rezabal eta Niko Franciscok, eta beste bik ere, Xanti Arrospide eta Juankar Balerdik 20 urte baino gehiago bete dituzte kartzelan eta laster egongo dira egoera berean. Bestalde, ofizialki ez dago gaixo, diagnostikorik egiten ez diotelako, baina Ibon Fernandez-en egoera ere kontutan izango du Herrirak.
Preso hauek etxera ekartzearekin ados dauden herritar guztiek dute lekua Herrira ekimenean pentsamendu eta izaera desberdinak izan arren. "Ekarpen eta borondate guztiek, konpromiso handi eta txikiak" ateak zabalik dituzte: "proposamen guztiak dira beharrezkoak". Talde bat osatu nahi dute herrian zabaltzen hasteko, herriko txoko guztietara heltzeko helburuarekin, bakoitzak bere eremuan lan eginez.
Guztiak daude gonbidatuta asteartean arratsaldeko 19:00etan Villa Mirentxu azpiko aretoan egingo den aurkezpen eta bilerara.

Azken ostiraleko agerraldia

Lasarte-Oriako sei presok 20 urte baino gehiago daramate kartzelan.
Hain juxtu datorren asteartean otsailaren 28an beteko dira bederatzi urte Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi, Juankar Balerdi presoaren ama eta anaia, Almeriako kartzelara bidean izan zuten istripu batean hil zirenenetik eta gaur gogoratuko da gertaera.
Hileko azken ostiralero bezala, Udaletxe aurrean presoen alde elkartzeko deia zabaldu du, kasu honetan Herrira ekimenak, Argi Iturralde eta Iñaki Balerdiren istripua gogoratzeko.
Etxerat presoen senideen elkarteak bere bidea jarraituko du baina Lasarte-Oriako Herrira izango da gerora hileko azken ostiraletako kontzentrazioaren ardura hartuko duena.