Asteburua kulturaz blai

Txintxarri Aldizkaria 2012ko ots. 25a, 20:42

Denetariko ekitaldi kulturalak izan zituzten aukeran berriro ere asteburuan Lasarte-Oriako herritarrek. Ostiral eta larunbatean, antzerkia, musika eta magiaz gozatzeko aukera izan zuten hainbat saioren bidez.

Mikel Pagadi, Egoitz Lasa eta Nagore Aranburuk herritarren algarak eragin zituzten.


Bodologuak-en umorea

Menu kulturalaren lehen platera, Manuel Lekuona kultur etxean Bodologuak antzerkiaren emanaldia izan zen. Mikel Pagadi, Egoitz Lasa eta Nagore Aranburuk ikusleen barre algarak eragin zituzten.
Bakoitzak bi monologo osatu zituen eta gai ezberdinak erabili zituzten horretarako, hala nola, soziedadeak, txakurrak, euskaldun izatearen zailtasunak, eliza... gai desberdinak ardatz hartuta, bakarrizketa eta elkarrizketa sorta polita utzi zuten.
Bakarrizketa arteko trantsizioetan, hiru aktoreak aldi berean oholtzaratzen ziren, eta euren pasarte xelebreek bizitasuna eman zioten umore saio polit eta biziari.

Wasabi projekt-en inprobisazioa

Ostiralean bertan, Wasabi Projekt taldeak Jalgi kafe antzokia funk eta jazz doinuez jantzi zuen.
Xpressionk! zirkuituaren barnean, otsailerako prestatuta dauden emanaldietan azken kontzertua izan zen ostiral gauekoa.

Sun Magoaren magia

Gaztetxoentzat ere izan zuten magiaz gozatzeko aukera. Sun Magoak ahoa bete hotz utzi zituen haur eta gurasoak larunbat arratsaldean kultur-etxean egindako saioan.