28-29_Ekozinemaldiaren barruan ingurugiroari buruzko lau film astearte eta asteazkenean

jon-altuna-iza 2012ko otsailaren 27a

Munduko hainbat tokitako ingurumen afera ezberdinei buruzko filmeekin osatzen dute ekologistak martxan taldeko kideek Ekozinemaldia. Aurten seigarren aldiz iritsiko da kultur etxera Lasarte-Oria Bizirik-en laguntzarekin eta urre meategi, goi-tentsioko argi-indar linea, gasa eramateko hodi edo edateko uraren inguruan sortutako arazoak ezagutu ahal izango dira astearte eta asteazkenean kultur etxean 19:30ean dohainik.

Bi pelikula luze eta bi labur eskainiko dira aste honetan kultur etxean Ekozinema egitarauaren barruan.
Asteartean hasiko da Ekozinemaldia, bi dokumentalekin, urre meategiek Ertamerikan sortzen dituen kutsadura, gaixotasun, heriotza eta arazo sozialak jorratzen ditu lehenengoak eta Zentral Nuklearretako soberakina banatzeko Europa Hegoaldea eta Afrika iparraldea zeharkatuko duen Goi-tentsioko lineari buruzkoa da bigarrena. Asteazkenean beste bi pelikula eskainiko dira,
lehenengoan, gas naturala eroateko hodi bat jartzeak Irlandako herri txiki bat nola aztoratzen duen ikusiko da eta bigarrenean uraren merkaturatzearen aurkako indigenen borroka kontatzen da marrazki bizidunen bidez.
Antolatzaileek adierazi dutenez, ez zuten uste hasi zirenean seigarren ekozinemaldira iritsiko zirenik, baina argi dute egoera okerrera egin duela eta horrelako egitasmoak gerora “ezinbestekoak” izango direla “gertatzen dena ezagutzeko”. Beraien iritziz, egoera “inoiz baino larriagoa da, ereduaren porrota. Ez da soilik krisi ekonomikoa, baliabideena ere bai”. Bukatzen ari dira eta ustiatzeak eragiten dituen kalteak kontutan izan gabe, besteak beste, oihanean gero eta barrurago sartzen dira, ingurumena hondatu edo behar dituztenei baliabideak kenduz.
Ekozinemaldian guztira dozena bat filme eskainiko dira Euskal Herri osoko herri ezberdinetan. Lasarte-Orian horietako lau ikusteko aukera izango da Kultur Etxean. Sarrera doan da.
Lau pelikula

Asteartean otsailaren 28an, arratsaldeko 19:30etan Guatemanalako Alvaro Revenga zuzendariak 2011n egindako “El oso o la vida” 57 minutuko dokumentala eskainiko da.
Ertamerikan meatzaritza enpresa handien hedatzeak sortutako arazoak eta erantzuna jorratzen dira, batez ere Kanadako Goldcorp urre-enpresak azken urteotan eragindako kutsadura, gaixotasun, heriotza, komunitatearen zatiketa eta erantzun sozialen aurkako jazarpena. Honduras eta El Salvadorren haserrea hazten ari da, Guatemalan 50 herri maiak baino gehiagok uzteko eskatzea erabaki dute.

Ondoren, 2011n Javier Collado Reigadas eta Ales Payas Felis kataluniarrek zuzendutako ia ordu erdiko “MAT (Oso goi-tentsio), aurrerapenak nora garamatza?” dokumentala eskainiko da. 440KWko argi-indar lineak, Europa Hegoaldea eta Afrikako Iparraldea zeharkatuko du eraztun bat osatuz, gehiegizko ekoizpen espainiarrari eta nuklear frantziarretakoari irteera emateko. Pelikulan ikusten dira egitasmoak eragindako, desjabetzeak, naturaren hondamena, paisaiaren gaineko eragina, osasunerako arriskuak... eta, nola dioten “nahitaezkoa” dela ekonomikak hazten eta kapitalismoak funtzionatzen jarraitu dezan.

Asteazkenean ere filme luze eta laburra eskainiko dira 19:30ean. Luzea, Risteard O'Domhnaill irlandarrak 2010ean zuzendutako “The pipe” (Hodia) 83 minutuko dokumentala da. Irlandako ipar-ekialdeko kostaldeko herri txiki batean gas naturala eroateko hodi bat jartzeko lanen aurkako borroka eta herritarren bizitzen aldaketa kontatzen da, bat-batean, itsasoan 80 bat kilometrora dagoen gas natural erreserbatik gasa ekartzeko planak hasi eta gero.
Gainera, “beste mundu bat posible da: amona kilkerra” 13 minutuko laburra ikusi ahal izango da. Danimarkako The Animation Workshop, eta Boliviako Animatzaile Komunitateak iaz egindako marrazki bizidunen bidez, ayoreo herri indigenaren mitoaren moldaketa bat erakusten da, gaur egungo funtsezko gai bati heltzeko: herrien borroka uraren merkaturatzearen aurka.