27_“Espainiako kopan domina lortzeko aukerak ditut”

Nerea Eizagirre 2012ko otsailaren 27a

Aurreko Txintxarrin argitaratu genuen bezala, LOKEko judokak txapelketaz txapelketa ibili dira eta hainbat domina eta txapeldun titulu gehitu dituzte aurten taldeko sari kopurura. Horien artean, Oscar Garrido gaztetxoa dugu. Aurten igo da kadete mailara eta judon Gipuzkoako eta Euskadiko txapeldun izan da. Gainera, Espainiako kopan ere lehiatzen ari da eta domina eskuratzeko aukera handiak ditu.

Oscar Garrido gazteak lau urte daramatza judoan LOKE taldean. Hamaika txapelketetan lehiatu da, baina aurten bere urtea da. Nahiz eta aurten kadete mailara igo, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak eskuratu ditu 90 kilo azpiko mailan eta Espainiako kopan hirugarren doa. Espainiako selekziorako deialdia ere izan du. Lasarte-Oriako gaztearekin bildu gara berari buruz gehiago jakiteko.
Zergatik hasi zinen judoan?
Etxean aitak eta nire anaiak, Mariok judoa egiten dute.
Egun batean nire anaiak esan zidan gustatuko zitzaidala eta probatzeko.
Kiroldegira etorri nintzen eta gustatu zitzaidan. Geroztik lau urte daramatzat.
Eta aurten kadete mailara igo zara. Aldaketa handia izan al da?
Zaila da. Normalean, arerioek nik baino urte bat gehiago dute eta ni baino indartsuagoak dira.
Nahiz eta horrela izan, Gipuzkoa eta Euskadiko txapelduna zara...
Nire mailan eta pisuan lehiatzen den aurkari asko eza da go Euskadin.
Egia da dauden judokak maila handikoak direla, baina hemendik ateratzen zarenean. Izan ere, judoka gehiago dago eta maila ere altuagoa da. Aldaketa handia da.
Hainbat txapelketatan lehiatu zara aurten, ezta?
Aurten Frantzian egon naiz lehiatzen. Horretaz gain, bigarren noa Espainiako kadete kopan. Murtziako eta Hondarribiko jardunaldietan bigarren izan nintzen eta hirugarren Iruñean.
Nola ikusten duzu, beraz, Espainiako kopa?
Espainiako kopan zaila egongo da, baina irabazteko aukerak daudela uste dut edo domina lortzekoa behintzat .
Judoko Espainiako txapelketarako sailkatu zinen eta selekzioko kide zara, ezta?
Bai horrela da, Espainiako txapelketarako sailkatu nintzen Euskadiko txapelketa irabaztean. Caceresen izango da aurten.
Eta Espainiako kopan lortutako postuengatik selekziorako deitu zidaten.

Aitak eta nire anaiak, Mariok judoa egiten dute. Egun batean nire anaiak esan zidan gustatuko zitzaidala eta probatzeko. Kiroldegira etorri nintzen eta lau urte daramatzat.

Zein izango da zure hurrengo lehiaketa?
Hurrengo txapelketa martxoaren 3 edo 4an dut, Madrilgo hiria saria. Espainiako kopako probetako bat da.
Italia, Frantzia eta leku askotatik joango dira judokak. Honetan domina lortzea espero dut. Gainera, horrela bada, Espainiako selekzioan jarraituko nuke.
Zein da selekzioarekin duzun hurrengo ekintza.
Asteburu honetan Madrilera noa, Espainiako selekzioak proba fisikoak egiten baititu gure errendimendu maila nolakoa den ikusteko.
Eta hurrengo topaketa, Uste dut Fuengirolan egongo dela, baina ez nago ziur.
Horretarako, zenbat egunetan entrenatzen zara?
Egunero entrenatzen dut. Astelehena, asteazkena eta ostiraletan Lasarte-Orian eta astearte eta ostegunetan Hondarribian, Amaguadalupekoa taldeko kideekin.
Eta desberdintasunik al dago entrenamenduetan?
Nire ustez, Hondarribin entrenamenduak gogorragoak direla.
Eta haiekin ere bidaiak egin dituzu, ezta?
Bai. Normalean, bidaietara klubarekin goaz, baina klubeko inor ez badoa, Hondarribikoekin noa. Frantziara, esate baterako haiekin joan nintzen.
Zer nahiago duzu gehiago entrenamendua edo borroka?
Lehiaketako judoa gustatzen zait.
Gehiago ikasten da eta esperientzia hartzen duzu. Atakeak gehiago sentitzen dituzu. Entrenamenduetan gauza bera egin dezakezu, baina ez da berdina.
Orain gerriko marroia duzu. Noizko beltza?
Agian aurten aurkezten naiz gerriko beltzeko azterketetara, baina ez nago ziur hainbeste lehiaketa ditut ez dakidala denbora emango didan prestatzeko. Beraz, agian hurrengo urtean izan beharko du.
Judoaz gain, sanbo eta borroka ere egiten dituzu, ezta?
Bi horrela da, gehienek egiten ditugu.
Zeintzuk dira bi modalitate horietan hurrengo erronkak?
Sanboko txapelketa eta judokoak egun berean dira eta ezingo naiz joan. Baina borrokan Espainiako txapelketara joango naiz.