Antolakuntza
Antolakuntzari dagokionean, eztabaida “oso sakona” izan da Sorgin Jaien arabera. Egituraketa berrian, antolaketa modua “aldatzen” joango dela esan dute, eta aurtengo jaiak “trantsizio” moduan ulertu beharko direla.
Aurrerantzean, koadrila edo blusen inplikazioa garrantzitsuagoa izatea nahi dute, “Sorgin Jaiak-ekin identifikatu eta bertan parte hartu nahi duten jendarteak batu, identifikatu eta antolakuntza berriaren parte bilakatuz, protagonismoa herriari emateko asmoa dugu”.
Bestalde, egitaraua “apaldu” egingo dela aitortu duten arren, egingo diren ekintzak “gehiago koordinatu” eta “indartsuago” antolatzeko konpromisoa hartu dute.
Herri mugimendua
Sorgin Jaiek bai gunea zein egitaraua irekiak dituzte edozein herri mugimendurentzako, gainera, bertan parte hartzera animatzen dituzte.
Aurten, orain arte bezala, txosna orokor bat egotearen ideiarekin jarraitzea erabaki dute, baina gunea “osatu” eta “proposamen berriak” gehitzeko prest daude herri eragileren batek hala nahi izatekotan.
Helburuak
Helburu behinena, jaien protagonismoa koadrila eta blusei uztea izango da, Sorgin Jaiak herritar guztientzako erreferente bihurtzearekin batera.
Era berean, beste herri mugimendu, eragile eta elkarteekin harremanak lantzea eta sakontzea dute xede Sorgin Jaiek hurrengo urteetarako.
Udalarekiko harremana
Udalarekin batera egitaraua, gune fisikoa eta koordinazioa adostu nahi badituzte ere, oraingoz behintzat ez da “eredu misto” baterako jauzirik emango. Beraz, Sorgin Jaiek orain arteko “alegaltasunean” jarraituko dute.
Bide batez, oraindik Udalarekin “harreman formalik” izan ez duten arren, halakorik egotekotan, entzuteko prest leudekela adierazi dute.
Sorgin Jaien historia bideoz
Hausnarketa prozesua aurkezteaz gain, Sorgin Jaien historia ordu erdi pasatxoan biltzen duen bideoa ikusi zuten herriko gazteek ostiral arratsaldean Xirimiri Elkartean.
Bertan, Sorgin Jaien hastapenetan gorputz eta arima lanean aritu ziren herritarren iritzia entzuteko aukera izan zen, urtez urte gertatutakoa errepasatzen zuen argazki galeria bat ikustearekin batera.
Hasieran, Sorgin Jaiak “xumeak” eta baliabide “urrikoak” baziren ere, gaur egun herriko festetako erreferente nagusietako bat da. Bere garaian, herritarrek argi ikusi baitzuten jai herrikoi, alternatibo eta parte-hartzaile baten beharra egon bazegoela herrian.
Oztopoak nonahi
Hala ere, bidean traba eta oztopoak izan zituztela aipatzen dute bertan parte-hartzen duten herritarrek bideoan.
Txosna guneak debekatzean eta herrian horiek gabe hutsune handi bat geratu zenaren ustearekin, imaginazioa armatzat hartuta, “kamioi-rock, txosnamobila edota kiosko zaharreko txosna inprobisatua” bezalako ekimenak antolatu zituzten gazteek, herrian nolabaiteko “tradizio alternatiboa” sortuz.
Tentsio giroa
Bideoan azaltzen dutenez ordea, “tentsioa” izan ohi zen nagusi ekimen horien egitean, Ertzaintzak gertutik zaintzen baitzuen gazteen jarduera.
Tirabira batzuen ostean eta egoerak horrela jarraitu ezin zuela ikusita, Udalarekin bildu nahi izan zuten gazteek. Negoziaketa “zail” baten ostean, anbulatorio aurreko gunea lortu zuten gazteek lehenik, eta bertan obrak hastean, kiroldegi aurrera aldatu zuten gunea.
Bilboko txosnak eredu
Sorgin Jaiek gunea lortzean, argi ikusi zuten festa indartsua antolatu beharra zegoela jendea erakartzeko.
“Zerbait egitekotan, goazen zerbait handia egitera”, diote bideoan, eta hori lortzko Bilboko konpartsen txosnak eredutzat hartu zituztela esaten dute.
