Zuhaitzaren eguna ospatu dute haurrek

maider-azurmendi 2012ko ots. 28a, 13:38
Sasoeta eta Landaberriko 120 ikaslek zuhaitzaren eguna ospatu dute gaur. Goiegiko Gainean elkartu dira herriko eskoletako umeak eta bertan landatu dituzte hainbat pago eta haritza. Guztira 150 zuhaitz landatuko dira gaur eta bihar helduekin egingo diren saioetan, 75 haritz eta 75 pago.
Eneko Urdanpilleta lorezainak ikasleek egindako lana gertutik jarraitu du.
Eneko Urdanpilleta Lasarte-Oriako lorezainen burua arduratu da haurrei landatze prozesuaren inguruko azalpenak emateaz eta hauek adi-adi entzun dituzte argibide guztiak. Ondoren, taldeka bildu dira eta aitzurra eskutan, ekin diote zuhaitzak landatzeari. Batzuk trebeago aritu badira ere, talde guztiek lortu dute euren zuhaitza behar bezala landatzea.

Bertara gerturatu nahi izan du Pablo Barrio alkateak eta haurrekin batera jardun da lorezain lanetan. Honen hitzetan halako ekimenak politak izateaz gain, "umeei naturarekin harremana izaten laguntzen die". Haurrek gustura hartu dute goizeko ekimena eta hamaiketakoarekin batera ondo egindako lanari amaiera borobila eman diote.