26_Urazpiko sekretuak ezagutzen

Txintxarri 2012ko martxoaren 2a

Astelehenean Urazpiko Nazioarteko Zinemaren zikloari amaiera eman zion Danok Kide elkarteak. Bere 50. urteurrena ospatu nahian, Lasarte-Oriako Udalaren eta Real Sociedad taldeko Urazpiko sailaren laguntzaz, otsaileko astelehenetan dokumentalak eskaini ditu Manuel Lekuona kultur-etxean. Hainbat izan dira dokumental ziklora hurbildu diren herritarrak.
Astelehenean izan zen azken saioa eta honetan, Danok Kide elkarteak bereziki eskerrak eman nahi izan zizkien aste hauetako saioetara hurbildu diren herritarrei.
Real Sociedad taldeko Urazpiko taldearen izenean saileko sortzaile den Francisco Pizarrok haien eskertza agertu zien Lasarte-Oriako ikusleei zikloak izan duen harreragatik eta Udalari aretoa uzteagatik. Datorren urtean ere Lasarte-Orian zikloa errepikatzea espero zutela aurreratu zuen.
Hitzen ostean, azken bi dokumentalak ikusi ahal izan ziren Manuel Lekuonako areto nagusian.
Lehenik, Guadalupe irlaren inguruan batiskafoaren barruan marrazo zuriaren bila murgildu ziren ikusleak Ja’ Tay espedizioaren baitan.
Ostean, “Lembeh, magiko eta liluragarria” dokumentala ikusi ahal izan zuten bertaratutakoek. Honi esker Indonesiako uretan bizi diren animalia eta landare espezie aniztasuna ezagutu zuten.