Kirolean (II)

jone-miren-hernandez 2012ko martxoaren 2a

Joan den abenduan Floren Coliasek, saskibaloi zalea eta urtetan Zumaburu-Sasoeta ikastetxean soinketa irakasle izandakoa, erretiroa hartu zuen. Herrian pertsona ezaguna izanda Txintxarrikoek elkarrizketatu zuten. Gustura errepasatu nituen bere hitzak, ni ere hainbat urte pasatakoa bainaiz saskibaloiaren inguruan.
Elkarrizketan aipatzen zituen gauzen artean bat nabarmendu nahiko nuke aurreko artikuluan airean geratutako gaiarekin bat egiten dutelako. Coliasek bere kezka adierazten zuen egun neska kirolari gutxiago ikusten dituelako.
Abenduan bertan herriko beste soinketa irakasle batek, Joxan Unsainek, bere doktore tesia defendatu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. 450 orrialde eta gero, hainbat ondorio zerrendatzen zituen. Horien artean berriro ere neskak protagonistak.
Unsainek dionez kirol ezberdinak egiten dituzte neskek eta mutilek. Neskek bakarkako kirolak eta estetikari lotutakoak nahiago dituzte. Mutilek aldiz, taldekoak eta lehiakortasunari lotutakoak. Neska gehiagok parte hartzen omen du eskola kirolean; mutilek klubak eta praktika federatuak nahiago dituzte. Gipuzkoan, neska asko eta askok uzten dute kirola behin 12 urte egin eta gero. Berriz ere, gure gizartean prestigio nahiz dibertsio iturri den eremu batetik kanpo.
Bi pertsona, bi esperientzia ezberdin, baina ondorio antzekoekin. Kasualitatea?