150 zuhaitz berri Goiegiko Gainean

maider-azurmendi 2012ko martxoaren 2a

Zuhaitzaren eguna ekimena burutu da aste honetan herriko ikastetxeetako haurrekin eta parte hartu nahi izan duten herritar helduekin. Bi saiotan banatuta, lehenean haurrak aritu ziren landatze lanetan eta bigarrenean berriz helduak izan ziren protagonistak. Alkatea Pablo Barrio ere bertan egon nahi izan zuen ekimenean parte hartzen. Guztira Goegi Gainean 150 zuhaitz berri landatu dira denak pagoak eta haritzak.

Beste urte batez Zuhaitzaren eguna burutu da Lasarte-Orian. Aurten ere bi deialdi egin ziren, asteartean haurren txanda izan zen eta asteazkenean berriz, helduena. Guztiak gustura aritu ziren pagoak eta haritzak landatzen.
Sasoeta-Zumaburu eta Landaberriko 120 ikasle bildu ziren zuhaitzaren eguna ospatzeko astearte goizean eta 44 heldu inguru asteazkenean, jubilatuak, EPAko ikasle eta euskaltegietako ikasleak tarteko. Goiegiko Gainean elkartu ziren eta bertan landatu zituzten hainbat pago eta haritza. Guztira 150 zuhaitz landatu ziren, 75 haritz eta 75 pago.

Lehen urtean dago lehortzearen arrisku handiena eta hori euri bolumenaren araberakoa izango da


Lorezainen zaintzapean

Eneko Urdanpilleta Lasarte-Oriako lorezainen burua arduratu zen gaztetxo zein helduei landatze prozesuaren inguruko azalpenak emateaz. Zuhaitzaren hiru atalen inguruan aritu zitzaien umeei, sustraiak, enborra eta adarrak, eta hauen funtzioak azaldu zituen. Ondoren, landatzeko prozesuaren nondik-norakoak entzun zituzten adi-adi bertan bildutakoek.
Besteak beste, lurra botatzeaz gain tundra da lehen landatzea egiteko erabiltzen dena “hobea da sustraiak bota ditzan”. Hala ere ezin jakin landatutako zuhaitzen artean zenbatek egingo duten aurrera Goiegiko Gainean. “Lehen urtean dago lehortzearen arrisku handiena eta hori euri bolumenaren araberakoa izango da”. Zuhaitza zuzen jarrita landatu ostean, lurra ondo zapaldu behar dela azaldu zien Enekok izan ere, ez da barruan haize poltsarik geratu behar. Hau gertatzekotan, zuhaitza berehala lehortuko litzateke.
Pago eta haritz hauen kasuan bertakoak izanagatik babestuta daude, ezingo dira moztu eta gutxienez 15 urte beharko dituzte tamaina nahikoa lortu arte. Ondoren, 150 urte beharrezkoak lirateke behar bezalako basoa osatzeko hortaz, ezin jakin Goiegi Gaina urte batzuren buruan baso itxura hartuko duen. Eneko Urdanpilletaren hitzetan, eta bertakoek galdetuta, badira azkarrago hezten diren zuhaitzak urkiak eta lizarrak esaterako, baina kasu honetan hauek hautatu dira bertako zuhaitz motak eta basoak sustatzeko asmotan.

Landatzeko lanak

Zuloa eginda aurkitu zuten haur zein helduek eta hauetan txukun jarrita, zuhaixkak landatuak izateko prest. Horrela haurrak taldeka bildu eta aitzurra eskutan, ekin zioten zuhaitza landatzeari. Batzuk trebeago aritu baziren ere, talde guztiek lortu zuten euren zuhaitza behar bezala landatzea. Enekok azaldu moduan, haurrei gustatzen zaien ekintza da hau eta beste urteetan bezala, oso zintzo aritu ziren lanean.
Helduen kasuan bestelakoa izan zen esperientzia. Gazteenek zalantza gehiago izan zituzten landatze lanetan hasteko orduan, baina bertaratutako jubilatuak erraz aritu ziren lanean. Batzuk lorezainei gomendioak eta guzti luzatzera animatu ziren.
Eugenio Hernandez izan zen parte hartzaileetako bat. Honen hitzetan, askotan egindako lana izan da zuhaitzak landatzearena. “Gainera azken urteetan ekimen honetan parte hartu izan dut beste kide batzuekin beraz, gustura beste urte batez zuhaitzaren eguna ospatu delako”. Landatzeko garaian “sustraiak zabalduta dituela landatu behar da zuhaitza behar bezala bakoitzak bere lekua har dezan”. Iaz landatutako zuhaitzei ura botatzea ere gerturatu izan direla azaldu zigun “lehor zeudela ikusita, paseoan ura eramatea bururatu zitzaigun eta bizirik jarraitzen dute horietako batzuk”.

Udalaren babesa

Bertara gerturatu nahi izan zuen bi egunetan Pablo Barrio alkateak. Haur zein helduekin batera jardun zen lorezain lanetan. Honen hitzetan halako ekimenak politak izateaz gain, “umeei naturarekin harremana izaten laguntzen die eta hori garrantzitsua da”. Udalak bere aldetik ez du soilik gune hau zuhaitzekin bete nahi, Azkorte bidean ere badira bi eremu berriki zuhaitzak landatu direnak nolabait herriko baso guneak berreskuratzeko ahaleginetan.
Esan beharra dago bi taldeek gustura hartu zutela ekimena eta hamaiketakoarekin batera ondo egindako lanari amaiera borobila eman ziotela.