Herrira mugimendua aurkeztu zen Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2012ko martxoaren 2a

Egin dezagun bidea lemapean urtarrilaren 7an, presoen eta iheslarien eskubideen aldeko manifestazio handia izan zen Bilbon. Honek izan zuen onespenak dinamika hau tresnaz hornitu behar zela ikusi zen eta Herrira mugimendua sortu da horretarako. Lasarte-Orian asteazkenean aurkeztu zen ekimen berria eta herriko taldeak haien ekintzei buruz eman zuen.

Herrira mugimenduaren aurkezpen nazionala egin zen Donostian Otsailaren 5ean eta geroztik herri desberdinetan ekitaldiak egin dituzten mugimenduaren berri emateko. Lasarte-Orian asteazkenean izan zen aurkezpena Villa Mirentxun. Honetan, Herrira-ko kide den Manu Ugartemendia eta Lasarte-Oriako taldeko kideak diren Beñat Iriondo eta Maider Izagirre izan ziren.
Ugartemendiak azaldu zuenez, Herriaren helburu nagusia preso eta iheslarien etxeratzea da, gatazkaren konponbide prozesuari loturiko ibilbide dinamiko baten garapenean. Izan ere, “presoek ere ekarpen handia egin dezakete prozesu horretan”. Amnistia lortuz gero, desagertuko den mugimendua dela azpimarratu zuen.
Gainera, garrantzitsua da mugimenduarentzat presoen egoera agenda politiko guztietan egoteko ahaleginak egitea eta batez ere, gaixo dauden presoen kasuan. Adibide gisa, Txus Martinen egoera aipatu zuen.
Mugimenduak nazio izaera izango duela aipatu zuen Ugartemendiak eta honek inongo alderdi edo pentsaera politikorekin loturarik izango ez duela azpimarratu zuen, “sentsibilitate desberdinetako pertsonek osatua da”.
Azalpenaren ostean, herritarrek galderak egiteko aukera izan zuten.
Galderen txandaren ostean, Lasarte-Oriako Herrira-ko kideek mugimenduak gure herrian eman dituen pausuak azaldu zituen eta aurrera begira, bertan zeuden herritarrei haien ekarpenak egiteko tartea ere ireki zuten.