Martinez eta Garrido Espainiako txapeldun

Nerea Eizagirre 2012ko martxoaren 2a

LOKEko judoka gazteak Gijonen izan dira asteburu honetan Espainiako sanbo txapelketan. Espainiako bi titulu eta zilarrezko bi domina eskuratu zituzten txapelketa honetan. Honetaz gain, alebinek Lezon Gipuzkoako taldekako txapelketa izan zuten.

LOKEko judokak Espainiako Sanbo txapelketan izan ziren lehengo larunbatean Gijonen. Bi txapeldun berri, Esteban Martinez eta Mario Garrido, bi zilarrezko domina eta zazpigarren postu bat eskuratu zituzten herriko judokek. “Emaitza oso onak” LOKEko Gorka Aristegiren hitzetan.
LOKEko judokak bi maila desberdinetan lehiatu ziren, senior eta junior mailan.
Azken honetan, junior mailan izan ziren lorpen handienak. Esteban Martinez eta Mario Garrido haien pisuko irabazleak izan ziren eta Josu Olmosek zilarrezko domina eskuratu zuen.
Estebanek 70 kiloko mailan bi aurkari izan zituen. Ligaxka modura egin zen lehiaketa eta biei irabazi ostean, txapeldun titulua eskuratu zuen.
Mariok, berriz, aurkari bakarra izan zuen 75 kiloko mailan eta nagusitasun osoz gailendu zen.
Josu Olmosek ere Estebanen antzera ligaxka jokatu behar izan zuen beste hiru aurkariren aurka. Bi borroka irabazi zituen eta bakarra galdu zuen, txapeldun izango zen Aritz Sagarzazuren aurka, hain zuzen ere.
Senior maila

Era berean, senior mailan, Amaia Curiel eta Esteban Martinez izan ziren lehian eta Amaiak maila honetako txapeldun ordetza eskuratu zuen.
Amaiak 64 kiloko mailan bi aurkari izan zituen. Bitan borrokatu behar izan zen eta norgehiagoka bat irabazi eta bestea galdu zuen, gerora txapeldun izango zen Cristina Martinezen aurka.
Estebanek, aldiz, final-zortzirenetan borroka galdu zuen. Bigarren aukera izan zuen eta bosgarren posturako lehian sartu zen. Ez zuen zorte ona izan, berdinketa lortu zuen eta epaileek arerioaren alde egin zuten. Beraz, zazpigarren postuarekin konformatu behar izan zen Lasarte-Oriako gaztea.
Alebinen txapelketa

Bestalde, igandean judoko alebin mailako taldekako txapelketa izan zuten LOKE taldeko gaztetxoek.
Taldea Ander Garrido, Talib Vergara, Ibai Tamayo, Alex Saleta, Garikotz Mena eta Manu Revueltak osatu zuten.
LOKEko taldea hiru talderen aurka lehiatu behar izan zen eta emaitzak desberdinak izan zituen norgehiagoka bakoitzean, bat irabazi, bat berdindu eta bestea galdu baitzuten.
Hala ere, Gorka Aristegi entrenatzaileak azaldu digunez, “oso txapelketa polita egin zuten eta egindako lana zoriontzekoa da”.