04_Civicos izan zen azkarrena Lilatoian

Nerea Eizagirre 2012ko martxoaren 4a

Lehengo asteburuan hainbat lasterketa izan zen gure herrialdean eta lasarteoriatarrak izan ziren bertan. Donostian igandean, 23. Lilatoia antolatu zen eta honetan 47 herritarek parte hartu zuten. Baina Beasaingo herri lasterketan edo Azpeitiko Zuzenien igoera bertikalean ere izan zen Lasarte-Oriako ordezkaririk.

Emakume langilearen nazioarteko eguna atzo bazen ere, Donostian igandean hasi ziren ospakizunekin. Izan ere, 23. Lilatoia zela eta, emakume korrikalariek Donostiako kaleak bete zituzten.
Euriari aurre eginez, 2105 korrikalari eta 68 patinatzaile Boulevardeko helmugara iritsi ziren, bost kilometroko ibilbidea egin ondoren.
Lasarteoriatarrei dagokionez, 44 korrikalari izan ziren eta horietan azkarrena, Nieves Civicos izan zen eta senior mailako 8. postuan iritsi zen.
Patinatzaileetan, berriz, herriko 3 emakume izan ziren lasterka. Lehenengoa Naroa Salsamendi izan zen eta 10. postuan amaitu zuen proba.
Beasaingo lasterketa
Egun berean, Beasaingo II. Herri lasterketa ere burutu zen.
Hamalau kilometroko proba honetan 234 lasterkarik parte hartu zuten eta horien artean, Julen Ollokiegi, 55:50 eta Peio Fadrique, 1:09:55 herritarrak izan ziren.
Igoera bertikala
Honetaz gain, Azpeitiako Zuzenien igoera bertikala proban izan zen Endika Gartzia herritarra. Proba honek 2,8 kilometro dituen arren, 804 metroko desnibela du eta mendi lasterketetako txapelketetarako baliagarria da.
Gartziak 32 minutu 39 segundotan egin zuen ibilbidea, zazpigarren postuan amaituaz.
Era berean, Endika Gartziak berak larunbatean Gipuzkoako duatloi sprint txapelketa zen Eibarko Duatloian parte hartu zuen.
Partehartzaileek 5 kilometro korrika, 25 km. bizikletan eta azkenik, Eibargo hirian zehar beste 2,5 km. egin zituzten eta 6. postuan amaitu zuen proba herritarrak.