
Nagusitasunez irabazi zuen Ostadarrek norgehiagoka, Sanpedrotarra taldea 5-0eko eamitzarekin gailenduz.
Partidu erosoa jokatu zuen Ostadarrek larunbat arratsean Sanpedrotararen aurka 5-0eko emaitza garbia eskuratuz. Zortzi jardunaldiren faltan, Touring eta Ostadarren buruz buruko bat aurreikusten da lehen postua eskuratu eta bide batez automatikoki Ohorezko Erregional mailara salto egiteko.
Bigarren geratzen denak, zailago edukiko du igoera, joan-etorriko play-off bat jokatu beharko baitu Erregional Preferenteko B taldeko bigarrenaren aurka.
Areto-futbol txapelketa
Bestalde, herriko areto futbol txapelketako Liga amaierara iristen ari da, eta geroz eta gutxiago falta da lehen zortzi postuetan zein talde sailkatuko diren jakiteko. Hauen artetik aterako dira maiatzaren 19an finala jokatuko duten bi taldeen izenak, eta gainonttzeko zortziek “Memorial Mosso” kontsolazio txapelketa jokatu beharko dute.
Ostadarren partidu biribila
Norgehiagoka erdi-lo hasi bazuten ere, eta partiduaren erritmoa hartzea zertxobait kostatu bazitzaien ere, 1-0eko emaitzarekin joan ziren atsedenaldira Ostadarreko mutilak, Aitor Maneroren gol bati esker.
Bigarren zatian berriz, jaun eta jabe izan zen herriko taldea, sanpedrotarrak jokalari bat gutxiagorekin geratu baitziren 2. zatiko hamargarren minutuarako, eta horrek gauzak asko erraztu zizkion Ostadarri. Aitor Manero (bigarrenez), Josu Arteaga, Iñigo Vila eta Hodei Perezen golek ezarri zuten 5-0eko emaitza partiduaren amaieran.