Kontzertua “Osasuna” Dominikar Errepublikara hedatzeko asmoarekin

jon-altuna-iza 2012ko martxoaren 5a

“Haren Alde” izeneko GKE, Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatuta, larunbatean arratsaldeko 19:00etan musika emanaldi bat eskainiko dute Manuel Lekuona kultur etxean, Alboka abesbatzak, Elena Bugedo eta Joxerra San Sebastian abeslariek eta Kike Biguri Umoristak. Kontzertua sei euroren truke ikusi daiteke eta bildutako dirua GKEa Dominikar Errepublikan burutzen ari den proiektu batean erabiliko da nekazal inguru batean osasun azpiegiturak garatzeko.

Helburu bikoitza izango du datorren larunbatean arratsaldeko 19:00etan Kultur etxean burutuko den kontzertuak, batetik Haren Alde elkartea eta munduan barrena burutzen dituen proiektuak ezagutaraztea, eta bestetik Errepublika Dominikarrean San Cristobal herrian martxan duen mediku-kontsultategiaren zerbitzua bertako nekazal guneetara zabaltzeko dirua biltzea.
Haren Alde fraide agustindarrek 1992an sortutako elkarteak hirugarren munduko 20 herrialde ezberdinetan egiten du lan. Donostiako egoitzan lan talde txikia da eta duela urte batzuk Brasilgo Marajo proiektuan lan egin zuten bi laguntzaile andoaindarrek, eta orain Dominikar Errepublikako San Cristobalgoan ari da, besteak beste Lasarte-Oriako David del Valle medikua.

“Osasuna guztientzat” proiektuaren helburua, herritar guztiek, landakoek zein kalekoek, kalitatezko osasun zerbitzua jasotzea da

2011ko otsaila eta martxoan Del Valle medikua eta Itsaso Gonzalez erizaina San Cristobalgo kontsultategian izan ziren eta asmo berriak ekarri zituzten: “Maletak lan, gogo eta itxaropenez beteta eraman nituen, eta han dituzten behar batzuei aurre egiteko mila ideia eta lagunez gainezka ekarri”.
Lan ugari

Kontsultategia duela bi hamarkadatik martxan da, eta hilero bataz beste bi mila lagun atenditzen ditu. Baina, nekazal inguruan bizi direnek ez dute kontsultategira joaterik, beraz horiei lagunduko dien taldea sortu nahi dute. ““Osasuna guztientzat” proiektuaren helburua, herritar guztiek, landakoek zein kalekoek, kalitatezko osasun zerbitzua jasotzea da”.
Bestalde, Del Valle eta Gonzalez bikoteak, han emakume eta haurrekin ohikoak diren Giza Eskubideen urraketak ere landu zituzten, tailer eta hitzaldien bidez. “Bidegabekeria horiek jasaten dituztenek ez dute legalki dagozkien eskubideen berri, ezta epaitegietara joateko baliabiderik ere eta horri erantzuteko dohainik laguntza ematen dien Lege-Aholkularitza Bulegoa ireki zuten agustindarrek”.
Emakume eta haurren aurkako urraketen gaia ere kontuan du Haren Alde elkarteak.

Lasarte-Oriako Udalak kontzertua antolatzeko emandako bultzada eskertu du Del Vallek, “batez ere gobernu taldeko politikarien eta Kultur etxeko teknikarien laguntza”.
Bi helburu nagusi ditu kontzertuak, batetik Haren Alde elkartea ezagutaraztea, “garrantzitsua da lasarte-oriatarrek elkartearen eta burutzen dituen proiektuen berri izatea” eta bestetik San Cristobalgo proiektuaren finantzaketa, “gaur egun laguntza publikoak ezin dira eta diru-iturri bakarra izan”.
“Osasuna guztiontzat” emanaldian, Alboka Abesbatzak, Bugedo eta San Sebastian abeslariek eta Biguri umoristak hartuko dute parte. Joxerra San Sebastian, Alboka eta Kike Biguri nahiko ezagunak dira Lasarte-Orian, ez ordea Elena Bugedo abeslaria. Granadakoa da, baina Donostian zenbait kontzertu eskainiak ditu. “Tu si que vales” telebistako saioan egin zen ezaguna, lehiaketako finalera iritsi baitzen Bugedo abeslari andaluziarra.

“Hemen kontrolpean dauden gaixotasunak eragina dute han”

David Del Valle mediku lasarteoriatarra Dominikar Errepublikan
Iaz Haren Alde elkartearekin burututako esperientzia oso aberatsa izan zela esan digu David Del Valle medikuak: “Erraztasun asko jarri zizkiguten beraiekin Dominikar Errepublikan lan egiteko. Bi hilabeterako gindoazen, 2011ko otsaila eta martxoan, eta jada martxan zegoen proiektu batean txertatu ginen, San Cristobalgo Kontsultategian, eta horrela bertan dagoen medikuak beste iharduera batzuk egin al izan zituen, Itxaso erizainarekin batera. Iluntzean, nekazal inguruetara joaten ginen gero gazteei osasunari eta sexu-transmisio gaixotasunei buruzko hitzaldiak ematera, edo genero bortizkeriari buruzko tailerrak egitera”.
Berriro joateko asmoa duzue nekazal inguru horietara, ezta?
Nekazal inguruan bizi direnak ez dute osasun zerbitzurik, San Cristobal herrira jaisteko mediorik ez dutelako. Garraio publikorik ez dago edo egunak beharko lituzkete, beraz, helburua nekazal inguru horietara joango diren ekipoak sortzea da. Beti ere, herriko mediku kontsultategiak duen filosofia berberarekin, hau da, bertako jendearekin. Haren Alde GKEk lagunduta, hemengo medikuek hangoak trebatzen eta prestatzen dituzte horrela gerora beraiek antolatzeko modua izan dezaten.
Osasuna guztiontzat egitasmoa agustindar nafar batek sortu zuen, ezta?
Bai Miguel Angel Ziaurriz-ek, berak zuzentzen du zentroa, aspalditik dago eta han. Beharrik handienak osasun arloan zirela ikusi zuten eta kontsultategia ireki. Osasun publikoa han oso kaskarra da, bakarrik larrialdietan eta huskeria.
Dauden beharren artean bat nabarmenduko al zenuke?
Oro har denak, baina hemen jada kontrolpean dauden oinarrizko gaixotasunak, esaterako sexuaren bidez transmititzen direnak, bihotzeko arazoak, diabeteak, tentsioak,... eragin handia dute han. Ez dira arazo konplexuak, baina ez dute baliabiderik, eta ni han nengoela gainezka egiten genuen.
Oinarrizko botikak batzuek badira, baina guk antibiotikorik ez baldin bagenuen, oso garestia zen. Beraz, geneukanarekin aritu ginen lanean, baina sarri ez zen nahikoa.
Gogorra egingo zitzaizuen horrela lan egitea...
Bai, gainera non bizi ginen bazekitenez, goizeko seietarako etxeko atean genituen.
Berriro joateko datarik ba al duzue?
Zer egin begira ari gara. Proiektu handia da, baina lehen fasean dago. Aurten joan nahi dugu, baina hango eta hemengo egoera kontutan izan behar da oro har. Proiektu batzuen finantzaketa bera ere beste garai batean errazagoa izango litzateke,
GKE asko dago eta zabalkunde handia duten elkarteek bakarrik jasotzen dute diru publikoa. Aukera gutxi dituzte gurea bezalako elkarte txikiek.
Horregatik esaterako Udaletara jotzean, dirua baino laguntza eskatzen diegu, eta Lasarte-Orian oso ondo erantzun digute, Kultur etxea eskainiz nahi genuena antolatzeko.
Zer esango zenieke Lasarte-oriatarrei?
Badakitela zertarako den kontzertua, bertako talde eta kantaria arituko direla, Haren alde zer den eta zein proiektu garatzen ari garen ere azaldu nahi diegula eta beraz larunbatean ahal badute kontzertura joan daitezela.