“Kantari lasarte-oriotarra naiz”

jon-altuna-iza 2012ko martxoaren 5a

Duela 24 urte hasi zen Joxerra San Sebastian oriotarra Goxogin saltzaile eta jada "Lasarte-Oriotarra" dela aldarrikatzen du. Kantuan aritu da abesbatza, txaranga, folk talde, erromeria eta ezkontzetan, baina bere gitarrarekin berak bakarrik, sekula. Larunbatean kantatuko du lehen aldiz kultur etxean "Osasuna guztiontzat" kontzertuan. Bere abestiak prestatu ditu, bat Manuel Lasarte bertsolari hil berriari eskainia.

Joxerra San Sebastian abeslariak ez du jende aurrean azken urteotan kantatu, baina gogotsu dago datorren larunbateko kontzertuan kantatzeko. “Bai, urte asko dira dena utzi nuenetik, eta nitaz gogoratzea pozgarria da. Gainera beti taldetan jo dut, bakarrik behin ere ez. Berrogei eta piko urterekin, lehen aldiz kantatuko ditut nire kantuak nire gitarrarekin bakarrik.
Aspaldian ez zara oholtza gainera igo?
Ez bixkiak izan nituen, eta horrek dena aldatu zuen, dena utzi nuen.
Zure abestiak kantatuko dituzu?
Bai eta sorpresatxoren bat ere izango da, baina ia abesti guztiak nireak dira.
Zenbat izango dira?
Sei bat kanta eta doinuren bat gitarra eta armonikarekin. Ez da komeni gehiegi izatea ere batera hiru-lau taldek kantatzen dugu eta. Gehiegi luzatuko da bestela. Esaten dute ona bada gutxi hobe. Gehiago nahi badute deituko didate berriro eta moldatuko nuke beste zerbait. Abesti gehiago badauzkat.
Aspaldi aritzen zinen kantari...
Urte asko daramat jotzen. Gauza ezberdinak egin ditut: abesbatza batean hasi nintzen txikitan, gero txaranga batean jo nuen, folk taldetan ere bai, ezagunena Txanbela, orduan bi disko grabatu genituen, Erramun Martikorenarekin ere aritu nintzen kantari, gero erromeriatan Martin trikitilariarekin eta Joseba Iparragirrerekin... Azkenean ezkontzatan jotzen bukatu nuen, zortzi urte pasa nituen Leitzaran taldearekin Martin Berasategiren jatetxean jotzen. Duela sei-zazpi urte utzi nuen edo gehiago, jada ez naiz gogoratu ere egiten.
Lagunartean kantatuko duzu...
Bai, baina eskenatokian ez. Xumela taldearekin hasi naiz orain, pixkanaka, gitarra doinuak, kantu zaharrak... berreskuratuz.
Aurreko astean, nire kanta bat kantatu nien Xumelakoei eta gustatu zitzaien. Manuel Lasarteri omenaldi bat da, kasualitatez duela hilabete hil den bertsolariari aspaldi egin niona. Horrela tokatu da eta kantatuko dut larunbatean.
Nolatan sortu da larunbateko saioa?
Garbi ez dakit, lagun batek deitu zidan kontzertua egin behar zutela dirua biltzeko eta baiezkoa eman nion. Nola esango diot ezetz horrelako gauza bati!
Noiztik zabiltza Xumelan?
Uda ondoren, aurtengo ikasturtean hasi nintzen. Jende asko dabil, baina ez dago joateko obligaziorik. Garbi eduki behar da hara joan behar dela ondo pasatzera. Kantatzera eta disfrutatzera. Niri gitarra jotzea gustatzen zait eta jende askorekin jotzea ere bai. Beraz nik gozatzen dut eta aldi berean besteak ere berdin gozatzea espero dut. Animatuko nituzke gainera herritarrak, astelehenero elkartzen gara eta nahi duenak atea zabalik du. Zenbat eta jende gehiago askoz ere hobe.
Disko bat grabatu zenuen duela bost urte...
Bai, egin nuen, polita zen baina ez zen zabaldu. Nola saldu behar da hori? ez neukan babeslerik, ez talderik, ez prestatzeko denborarik...
Haurrak koxkortzean agian beste saltsaren batean hasiko al zara?
Oraingoz gustura nago nagoen bezala. Eskainiko balidate, bai, baina ni ez naiz bila joango. Garbi daukat oraintxe musika lasai egoteko, gustura egoteko eta ondo pasatzeko gauza bat dela niretzat.
Norbaitek horrelako zerbaitetarako deitzen badit, ondo, ez diot, hala ere, denari baiezkoa esango, nire lana daukat eta. Dendak asko mugatzen nau, musika kontuak asteburutan izaten dira eta nire lana ere bai.
Oriotarra zara, zenbat urte Lasarte-Orian?
Goxogi okindegian orain dela 24 urte hasi nintzen, beraz jada hemengoa naiz, “lasarte-oriotarra”.