Ostadar SKT-ko mendi sailak iraupen eskiari buruzko proiekzioa antolatu du astezkenean, martxoaren 7an, 19:30ean Manuel Lekuona kultur-etxeko hitzaldi aretoan.
Honetan Poto Gorrotxategi eta Belen Eguzkizak “Baso txuriaren babesean” proiekzioa aurkeztuko dute. “Biek iraupen eskia egiten dute. Aralarren hasi ziren eta Euskal Herrian, zein mundu hainbat txokotan izan dira haien zaletasunaz gozatu ahal izateko, Argentina, Txile, Estatu Batuak...,” adierazi digute saileko kideek.
“Iraupen eskiko proba ugari egiten dituzte, baina irabaztea ez da haien helburua. Esate baterako, Finlandian eta Eslovenian etapetako probak egin dituzte,” aipatu digute.
Blog berria
Bestalde, saileko arduradunek jakin arazi dute blog berria jarri dutela martxan, ostadarramendian.blogspot.com. “Honetara helbide honetatik edo Ostadar SKT-ko web orrialdetik sartu daitezke herritarrak,” azaldu digute.
Honetan taldeak urtean zehar antolatuko dituzten ekimen desberdinei buruzko informazioa dagoela adierazi digute, hala nola, irteera, ikastaro edo proiekzioak.
Era berean, taldeko kideek egindako bidai edo txangoei buruzko kronika eta argazkiak ere aurkituko dituzte mendizaleek.