Txipez inguraturik gaude, informatikaren dependentzia handia al daukagu gaur egungo bizitzan?
Ez dakit dependentzia hitz egokia den, baina eguneroko bizitzan eragin nabarmen eta argia du. Hori dependentzia bada, elektrizitatearekin daukagun dependentzia bertsua izango da. Zaila da pentsatzea, hala ere, gure gizartean hori gabe bizitzerik ez dagoenik.
Aitzindariak gara, hogei urte baino gehiago daramagu informatika euskaraz irakasten. Irakasle euskaldunak, erdiak baino gehiago gara fakultatean
Ez jakitunok informatikoen mende al gaude?
Ez, mekanika ez dakitenak mekanikoen mende daudela esatea bezala izango litzateke hori. Hor dago teknologia eta nola erabiltzen dugun.
Dena den mekanika errazagoa da ikasteko...
Ez pentsa, ez dakizunean dena da ikasteko zaila. Bi gauza daude hor ere, bata erabilera, informatika egunero erabiltzen dugu askotan jakin gabe: garbigailu, auto, aisialdi tresna, telefono,... mikroprozesadoreak dauzkate barruan. Erabiltzaile gisara ez da zaila, oso gaztetatik erraz erabiltzen dituzte batzuek. Gero beste kontu bat da teknologia guzti hori sortzea eta garatzea, aplikazioak asmatzea,...
Tresna horiek etengabe ari al dira berritzen?
Informatikak zerbait badu, hori da: historian zehar abiadura handienaz aldatzen ari den teknologia da. Beste teknologiak informatika eboluzionatzen ari den bezala eboluzionatuko baldin balira, auskalo zer nolako ibilgailuak erabiliko genituzkeen. Autoak azken urteotan izan du aldaketarik, baina berez funtsean, kontu berbera da.
Abantaila eta desabantaila handia da hori esaterako profesionalentzat. Badakizu ikasten duzunak idatzita daukala bukaera epea. Brometan esaten dugu gustatuko litzaigukeela filosofia edo Aristoteles irakastea, egindako esfortzua gero bizitza osoan errentabilizatzeko.
Teknologia hau berria da. 50 urteko kontua. Egia da asko aldatzen ari dela, baina hondar bat ere uzten du, hau da, ez da zerotik abiatuta eraikitzen. Baina, oso azkarra da. Badakizu gaur lehenengo mailakoei kontatzen ari zarenak karrera amaieran ez dela balio, eta zenbait gauza, oinarrizkoak izanik ere, berriz ikasi edo begiratu beharko dituztela. Beti kontatzen diegu: zuek lan egin beharko duzue orain existitzen ez den eremu batean. Horretarako prestatzen ditugu.
Fakultatean bultzatzen al da gauza berrien asmakizuna, sormena, kreatibitatea...
Oro har ingeniaritza guztien eta batez ere informatikaren, ezaugarri bat bada, sortzeko dagoen eremu bat dela, uneoro sortzen ari dira gauza berriak, eta beraz kreatibitatea lantzeko eremu ikaragarri ederra da. Sormenerako joera duen jendea baldin badago aukera hori izango du. Aurkezpenetan esaten dugu, matematiketan ondo dabiltzan ikasleak informatikan ere ondo ibiliko direla, eremu oso antzekoak direlako, eta sormenean ondo dabiltzanak ere bai bestetik. Baina hau ez da batxilerrean matematika bezala irakasten.
Gauza berriak sortzeko eta egiteko gogotsu izaten al dira ikasleak?
Bai, denetarik dago, dena den, ikaragarrizko jaitsiera egon da ikasle kopuruan, Europa osoan eta AEBetan ere bai, oro har ingeniaritza eta ikasketa tekniko guztietan, zientziatan, eta informatikan batez ere. Ideia bat egiteko, mugak jarri behar izan ziren lehenengo mailan 600 eta piku izan zirenean eta gaur egun 100 ikasle baino ez ditugu.
Zergatik gertatu da hori?
Zaila da esateko eta segur aski arrazoi bat baino gehiago izango dira. Baina bi gauza egon badaude, bata, momentu batean booma gertatu zela, eta bestea, hau ere nabarmena, profesionalki informatikan aritzea ez dagoela erregulatua, eta horrek esan nahi du edozeinek egin dezakeela. Jende askok pentsatzen du, teknologia erabiltzen duelako, teknologia hori sortzeko gai dela eta gauza diferenteak dira. Intrusismo handia izan da ofizioan. Gainera, soldatak ere ez dira oso onak izan.
Europa osoan gertatu da jaitsiera. Alemaniatik ikasle bila etortzen dira hara lanera eramateko. Hemen ere laster nabarituko da falta, hurrengo urtetan ikasle gutxiago aterako ditugu eta.
Horrek zer esan nahi du, lana erraz aurkituko dutela ikasleek?
Unibertsitateko tauletan goi goian gaude; soldatatan ez, erdi mailan edo, baina lana aurkitzeko arazorik ez da. Beste kontu bat izango da zer lan mota den.
Askotan ikusten da kontratatu eta Lanbide Hezkuntza egin duen pertsona batek egiteko moduko lanak egiten dituztela. Enpresek hemen ere ikasi behar dute: hau da formatzen duguna eta zuk erabili dezakezu, ez windows sistema antolatzeko edo nominak egiteko, baizik eta zerbait gehiagorako.
Bolonia sistema jarri zenetik Unibertsitateak ez al dio enpresen behar eta eskaerei gehiegi begiratzen?
Hau bolo-bolo zabaldu da, baina, batetik teknologiarekin oso lotuta gaudenez, beti izan dugu enpresari begira lan egitearen perfila. Baina berez Boloniarena oso gauza ulergarria zen bere jatorrian. Europarekin adostea hemengoak han balio duela berdin berdin eta alderantziz. Bestalde, zuk galdetutako hori gehiago nabaritu dute hain teknologikoak ez diren arloetan. Baina gure kasuan ez da nabaritzen hori, baizik eta irakaskuntza metodoen aldaketan batez ere. Hor proposamen berri ugari ditugu, aitzindariak gara horretan teknologia arloan EHUn, proiektuetan oinarritutako irakaskuntza deitzen da. Europa maila esperimentu asko egiten ari dira, ikasgaiak beste modu batez emateko. Hasieratik proiektu bat planteatu eta horren inguruan ikasleak aritzen dira eta arituz ikasten dute. Gero, enpresei begira lan egiten dugula? Bai. Enpresek kontrolatuta? Ez.
Informatika jakintza gero eta zabalduago dago, ez da bakarrik unibertsitatean ikasten, autodidakta asko al da?
Bai. Dena den, maila ezberdinak daude: elektrizistak eta ingeniari elektrikoak. Ikasketa unibertsitarioak unibertsitatean egiten dira, Lanbide Heziketa, goi mailako zikloak eta autodidaktak ere badaude, baina arlo guztietan bezala.
Beste ikasketa batzuek egin dituztenak ere pasatzen dira informatikara...
Bai ni fisikaria naiz. Ni fakultatean duela 28 urte hasi nintzen eta garai hartan informatikariak sortzen ari ziren, 50 urte ditu informatikak, AEBtan 1960an hasi ziren, batez ere matematikatik eta elektronikaren mundutik zetozenekin. Fisikari eta kimikariek informatika erabili beharra dute, gaur egun edozein jardunetan tresna nagusia ordenagailua da.
Informatikako fakultateko dekanoa zara, karrera zaila al da?
Egia esanda, karrera zaila da batez ere datorren ikasle profilarengatik. Ingeniaritza bat da, ezagutza maila hori eskatzen du, gurean oso lotuta oinarri matematikoarekin. Matematiketan ondo dabilenak duen pentsatzeko era hori da garrantzitsua. Normalean batxilerrean matematikan ondo dabilena hemen ere ondo dabil.
Zenbatek bukatzen dute?
Zera gertatzen da, jaitsiera handia izan denez, nahi duen oro matrikulatzen dela, asko irailean. Ez dut esango horientzat ezinezkoa denik, baina eskaera handiko ikasketak dira eta erdiak baino ez du amaitzen karrera. Orain lau urtera jaitsi da graduatzea, baina orain gutxi arte bost urtekoa zen eta bukatzeko bataz besteko denbora sei urtetik gorakoa izan da.
Zenbat ikasle dira?
1.600 ikasletik gora izan dira, baina une honetan 500-600 dira.
Euskaraz irakasten da informatika aspalditik, ezta?
Bai, aitzindariak gara. Hogei urte baino gehiago daramagu eta irakasle euskaldunak fakultatean erdiak baino gehiago gara. Eskaintza bi hizkuntzatan da eta ingelesa ere ari gara sartzen.
UEUrekin hartuemanik ba al duzue?
Asko gara UEUko kideak. Gaur egun informatika saila hobekien dabilenetariko bat da.
Hiztegia egin zenuten?
Bai, hizkuntzaren inguruan lan handia egin da, eta bereziki euskarak eragin handia izan du gure fakultatean. Jende asko izan da konprometitua.
Batxilergoko ikasleentzat aurkezpen bat ere egiten duzue?
Jaurlaritzak programa bat dauka, batxilergoko ikasle hauek laborategiko praktikak unibertsitatean egin ditzaten, bertan zer ikasi daitekeen ikusi dezaten, erabaki ere egin behar dutenez informazio zehatzago bat izateko. Aurten asko etorri dira. Programarekin oso pozik gaude. Zalantzak dauzkagu hala ere horrek balioko duen eta ikasle horiek informatika ikasiko ote duten.
Agian beldurtu egingo dira?
Ez alderantziz, gauza oso sinple eta erakargarriak erakusten dizkiegu. Baina beste fakultate batzuetara ere joaten dira.
Krisiaren konponbidea teknologia berriek ekarriko al dute?
Jakingo banu. Merkatu librean produktu bat lehiakorra izateko, teknologia berriekin egin beharko da, zalantzarik gabe, laguntzen du egokiago edo erakargarriago egiteko. Baina gauza asko izan behar dira kontuan, produktuak askoz merkeago egiten dizkizute Txinan, edo garai batean programatzaileak hemengoak ziren, baina gaur egun kodeak Indian sortzen dira. Hortxe dauzkazu pantailaren bestaldean, lan hori askoz ere merkeago egiten dute.
Eta zer iritzi duzu teknologia berriek batez ere komunikazio arlokoek giza harremanetan sortu duten aldaketaz, dena daukagu hor eskura,...
Dudarik gabe, gainera, ezin dugu ikusi zer gertatuko den, aldaketak hain abiadura handiz egiten direnez. Ez dakigu. Jada ikusten ari gara, dena eskura eta komunikazio oso azkarrak izatea, baina ez dakit zertan amaituko den hori.
Abiadura handiko aldaketak dira, oso txarra naiz ni etorkizuna iragartzen. Baina begi bistakoa da harremanak, komunikazioa eta abar aldatzen ari direla.
