Herritarrek parte hartu ahal izango dute San Pedro jaien antolaketan

Txintxarri Aldizkaria 2012ko mar. 7a, 14:45
San Pedro jaiak antolatzeko lau bilera ireki egingo dira martxoaren 13tik 16ra herritarrek festarako egitaraua, eta ekarriko diren musika talde, haur ekintza edota kultur ekitaldiak erabakitzeko aukera izan dezaten. Udaleko Parte Hartze saileko Alaitz Mendizabal zinegotziak eta Larraitz Sarobe teknikariak, eta Gazteria, Festak eta Kirola saileko Taxio Arrizabalaga zinegotziak eta Xabier Goitia teknikariak eman dute eguerdian bilera sortaren berri.
Udaleko bi batzordeek jarri dute martxan jaiak antolatzeko parte hartze prozesu berria. Inauterien antolaketa izan zen honelako lehen esperientzia, eta Tasio Arrizabalaga zinegotziak prentsaurrekoan esan duenez, esperientzia positiboa izan zen, “foroetara jende ugari gerturatu zen eta aste-bukaera benetan paregabe bat antolatzea lortu genuen” beraz bide horri eustea erabaki du Udalak. Horrela prozesuaren lehen fasean martxoaren 13tik 16ra, lau bilera egingo dira programazioa, musika, haur ekintzak kultur ekitaldiak finkatzeko, eta lehen bilera hauetatik ateratako behin behineko egitaraua eztabaidatu eta zuzenduko da bigarren fasean.
Lehen fasearen helburua bileratan herritarren eta herriko taldeen proposamenak jasotzea izango da eta horretarako duen informazio guztia emango die Udalak herritarrei, besteak beste, aurreko urteetako esperientziak eta aurtengo aurrekontuak eskaintzen dituen baliabideak. Bilerak kultur etxeko hitzaldi aretoan egingo dira, datorren asteartetik ostiralera arratsaldeko 18:30etan hasita.
Tasio Arrizabalaga Festen saileko zinegotziak adierazi duenez, “parte hartzea gure herriarentzat bereziki garrantzitsua dela deritzogu, benetan jai herrikoi eta zabal batzuk gauzatzeko bide baita, herritar oro jaietan inplikatu eta parte hartzeko bitarteko”. Beraz gonbidapena luzatu zien herritarrei parte hartze prozesuan eta sanpedroen antolaketan murgildu daitezen. Parte hartze prozesuaren eslogana “Zu ere, jaietan blai” izango da hain juxtu.