08_Martxoaren 8a, ospakizun eguna

maider-azurmendi 2012ko martxoaren 8a

Udalak Emakumearen Zentro Zibikoarekin elkarlanean beste urte betez egitarau berezia antolatu du Emakumearen eguna ospatzeko. Asteazkenean hasi ziren ekimenak Jesus Muñoz psikologoak Villa Mirentxun eskainitako hitzaldiarekin. Honetan emakumeen edertasunaz aritu zen. Lehen urtez, haurrentzako ekintza ere antolatu nahi izan dute eta ipuin kontalari saioa izan zuten atzo. Aldarrikapenerako tartea ere izan zen eta bart Udaletxe aurrean elkartaratzea egin zen emakumeen eskubideen alde.

Emakume langilearen nazioarteko egunarekin batera herrian hainbat izaten dira antolatutako ekimenak. Aurten ere Emakumearen Zentro Zibikoak udalarekin batera egitarau berezia antolatu du.
Horrela asteazkenean Jesus Muñoz psikologo eta psikoterapeutaren hitzaldia izan zen Villa Mirentxun. Emakumez inguratuta, gizonik ez zegoen entzuleen artean, emakumeen edertasunaren inguruan mintzatu zen nazioarte mailako ikuspegi batetik abiatuta.
Edertasuna
Historiari erreparatuz, Egipton, Erromatar inperioko edertasun kanonak ere aipatu zituen edertasunaren kontzeptua historian izan duen garapena azaltzeko.
Emakumearen edertasunaren inguruan kultura ezberdinek duten pertzepzioa ere izan zituen mintzagai psikologoak. Adibidez, Indian garrantzitsuagoa da emakumearen edertasuna baino jantzia. Birmaniako jirafa emakumeen kasuan, geroz eta uztai gehiago lepoan izan, orduan eta ederragoak kontsideratzen dituzte. Aldi berean, gure gizartean edertzat duguna ez da berdin ikusten beste herrialde, kultura askotan eta gehienetan aniztasun honen ikuspegia galtzen dela argudiatu zuen Muñozek.
Bertaratutakoentzat hitzaldi interesgarria gertatu zen baita aberasgarria ere.
Aldarrikapen eguna
Atzokoa, Martxoaren 8a izaki, aldarrikapenerako eguna izan zen eta 20:00etan kontzentrazioa burutu zen Udaletxeko atarian egun gertatzen diren gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunak salatzeko. Bertan izan ziren zenbait udal ordezkari besteak beste Pablo Barrio alkatea.
Aurretik, Noemi Fernandez eta Nekane Toribio haur hezitzaileek ipuin kontaketa saio berezia egin zuten Villa Mirentxun. Haurrak berdintasunean heztearen garrantzia azpimarratu nahi izan zuten ekimen honekin eta ipuin ez sexistak kontatu zituzten, familia kontuak eta maitasuna ardatz. Bukatzeko txotxongiloekin antzeztu zuten azken istorioa haurren gozamenerako. Saio guztian haur zein helduek adi-adi jarraitu zituzten hezitzaileen kontakizunak.
Zinema
Mokadu bat jateko aukera ere izan zen kultur-etxeko kafetegian antolatutako lunchean. Ekimena irekia izan zen eta jende andana bildu zuen.
Ostean, Okendo zinema taldeak ostegunero antolatzen duen zine emanaldiaren baitan, jai egun honekin bat egiteko, “La fuente de las mujeres” filma hautatu zuen. Emakumeak protagonista diren filme honek hainbat sari jasotakoa da. Berriz hau ikusteko aukera izango da igandean 19:00etan kultur-etxean.
Antzezlan berezia
Gaur berriz, antzerki emanaldia izango da Manuel Lekuona kultur-etxean 19:30ean Lan eta Lan Beti Lan herriko taldearen eskutik. Hauek “Las Siete vidas del gato” antzezlana taularatuko dute. Hau ikusteko oraindik sarrerak lehiatilan erosteko aukera izango da.
Egunari amaiera emateko, 21:30ean afari herrikoia egingo da Araeta jatetxean. Hala ere herrian ospakizunak larunbatean ere izango dira. Izan ere, emakumearen eguna ospatzeko Xirimiri elkarteak bazkaria antolatu du. Honetan parte hartzea irekia da eta ohiko tabernatan jarrita daude izena emateko zerrendak. Bazkariaren prezioa 12 eurokoa da.