Bi autoeskola hauetan 2011. urtean euskaraz azterketa gainditu zutenen artean burututako zozketan sarituak izan ziren Elisabeth Martikorena eta Andoni Urdangarin herritarrak.
Ikasle gehiago
2010. urtean jarri zen abian gidabaimena euskaraz ateratzeko egitasmoa Buruntzaldeko udalek bultzatuta.
Hauek 2009-2010 ikasturtean diru laguntzak bideratu zituzten autoeskolek beharrezkoa zuten materiala euskaraz egiteko eta horrela ekimenarekin bat egin nahi zuten autoeskolek beharrezko materialarekin hornitu ahal izateko. 2010. urtean 34 ikaslek gainditu zuten azterketa teorikoa euskaraz eta 2011ean berriz, 60 izan ziren.
Lasarte-Oriako bi gazteek pozik hartu zuten euren saria. Autoeskolatik jaso zuten sariaren berri eta ustekabe handia izan zela azaldu ziguten.
Eliren kasuan, lagunek Txintxarriren web orrian ikusi zuten bere izena eta deika hasi zitzaizkion sariagatik zoriontzeko.
Bien kasuan gurasoak izan ziren gidabaimena ordaindu zutenak eta ikusi behar orain zeinentzat izango diren eskuratutako 400 euroak.
Zailtasunik gabe
“Azterketa euskaraz ez da zailagoa eta jendea benetan animatu nahi dut gidabaimena euskaraz ateratzeko” esan zuen Elisabeth Martikorenak. Bere kasuan herriko Mugica autoeskolan atera zuen gidabaimena eta Andonik berriz Izarran egin zuen.
Datorren urtean ere sari hau berriz banatuko dela aurreratu zuten Buruntzaldeko udal ordezkariek Usurbilen orain aste batzuk egindako aurkezpenean. Izan ere, horrelako sariarekin egitasmoa gazteen artean sustatu nahi dute geroz eta jende gehiagok gidabaimena euskaraz ateratzera animatzeko.
Pablo Barrio alkateak horrelako egitasmoak bultzatzearen garrantzia azpimarratu nahi izan zuen euskarak esparru guztietan lekua izan dezan.
