Iñigo Ibarburu lasarteoriatarra sei urterekin hasi zen igerian. Orduan ez zuen aurtengo denboraldikoan lortutako ere amesten. Izan ere, asteburu honetan Espainiako txapelketako sei probatan, 100 m. eta 200 m. tximeleta, 50 m., 100 m. eta 200 m. libre eta 200 m. bizkar parte hartzeko aukera du . Harekin bildu ginen astelehenean bere prestakuntzari buruz jakiteko.
Neguko denboraldia nola doakizu?
Denboraldia oso ondo doa gutxieneko marka asko egin ditut eta gustura nago.
Eta orain Espainiako txapelketa prestatzen ari zara...
Bai, azkeneko aste hauetan bolumena jaisten egon naiz eta orain hobeto sentitzen naiz. Eta denborak azkarrago egiten ditut.
Eta entrenamendu gogorragoak egingo dituzu?
Ez, astero berdina da. Baina egunero gauza desberdinak. egiten ditugu. Erritmo saioa, erdi mailakoa edo maila biziko entrenamendua eta abiadura saioak izaten ditugu.
Gaur abiadura eta erritmoa ditut. Bihar erritmo eta erdi mailako entrenamendua. Asteazkenean Mallorcara goaz eta erritmo eta maila biziko entrenamendua izango dut. Hau da asteko egunik okerrena. Entrenamenduari eustea zaila da. Ostegunean berriro ere, abiadura egingo dut. Eta ostiralean txapelketa hasiko da.
Borja entrenatzailea eta biok zoazte Mallorcara, ezta?
Bai, horrek presio gehiago sartzen du. Baina Borjak ongi egiten du, horrela denbora hobetzen baititugu.
Erronka handia da Espainiako txapelketa, sei probetako gutxieneko marka duzu. Nola ikusten duzu?
Ni denborak jaistera noa eta 100 m. tximeletan aurrean egoteko aukera sortzen baldin bada, bertan egongo naiz lehian.
Horretarako Borjak esaten duenez, 59’1 egin behar dut. Nire marka bi segundo jaistea litzateke hori eta orduan podiumean egongo nintzateke. Baina zaila ikusten dut.
Aurreikusten al zenuten denboraldi hasieran marka horiek lortuko zenituela?
Ez, iazko gutxieneko markak egitea espero nuen, 100 m. libre eta 100 m. tximeleta probetakoa. Borjarekin entrenamendu gogorrak egin eta ondo sentitzen nintzen eta gogor ekin diet lehiaketei. Horrela lortu ditut markak.
Markak aipatu dituzu, baina aurten dominak ere lortu dituzu?
Denera bospasei bat lortu ditut. Gipuzkoako hiru, bi zilarrezko eta brontzezko bat eta Euskadikotan txapeldun izan nintzen eta bi zilarrezko ditut.
Txapelketa asko izan dira denboraldian, ezta?
Bai, pixka kargatua nago baina azken aste hauetan lasaiago nago eta karga gutxitzen noa.
Gainera, nahiz eta 25 metroko igerilekuan entrenatu, 50 metroko igerilekuan lehiatu behar izan zarete denboraldian zehar...
Bai, horrela da. Baina esan beharra daukat, 50 metroko igerilekuan 25 metrokoan baino hobeto moldatzen naizela. Bira egitean ere hobeto.
Lehenengo aldian luzea egiten da, gero ohitzean errazago egiten da.
Mallorcan 50 metroko igerilekua izango da, baina 25 metroetan nasa bat jartzeko aukera dute eta honela, 25eko bihurtzen dute.
Igeriketa estilo guztiak egiten al dituzu?
Nik gehien bat tximeleta eta crawl egiten ditut.
Horietan lortu dituzu gutxieneko markak...
Bai, bizkarreko proban ere marka dut. Baina horretan ez dut lan asko egiten. Bular probak ere gutxitan egiten ditut.
Tximeleta edo crawlen, zeinetan zaude erosoago?
Ni hobeto sentitzen naiz tximeletako probetan lehiatzen naizenean.
Eta distantziari dagokionez, 100 metroak edo 200 metroak, zer nahiago duzu?
Nik 100 metroko proba nahiago dut. Azkarragoa da.
200 metroetarako erresistentzia eta indar handia behar duzu. Zaila egiten da hainbeste irautea.
Infantiletan bigarren urtea duzu, zer moduz?
Gure taldean infantilen mailan zaharrena ni naiz.
Lehiaketari dagokionez, badaude igerilariak oso onak direnak eta zaila direnak irabazten. Beste batzuk nire maila berdinekoak edo baxuagokoak dira eta horiei irabazten diet.
Neguko azken lehiaketa duzu hau eta Udako denboraldia prestatzen hasiko zara. hasi Zein asmo dituzu?
Beste hiru gutxieneko marka egiten saiatuko naiz, 100 m. bizkar, 200 m.eta 400 m. estilo probetan.
Bi egiteko gutxi falta zait eta bestea distantzia luzeagoa da eta orain hobetzen ari naizela, espero dut egitea.
Eta Gipuzkoa eta Euskadiko txapelketari dagokionez?
Beti bezala, nik dudan guztia emango dut eta ikusiko da.
