LABek greba orokorrerako deialdia egin du

Txintxarri Aldizkaria 2012ko martxoaren 9a

Buruntzaldeko LABek eskualdeko herritarrei greba orokorra babesteko eskaera egin du gaur eguerdian Villa Mirentxun eskani duen prentsaurrekoan. Ostean, kontzentrazioa egin dute udaletxe aurrean.

LABeko Jon Martin eta Javier Hernandezek prentsaurrekoan azaldu dutenez, Estatuko gobernuak onartu duen lan erreformak, langileria osoari eragingo dio eta ondorioa "langileriaren lan harremanak eta denon bizi baldintzak orokorrean kaskartzea" izango da.
Ez da estatutik egingo den azken erasoa izango eta horregatik irtenbidea burujabetasun politiko eta ekonomikoa dela deritzote, euskal sindikatuko ordezkariek. " Euskal langilerak justizia sozialen oinarritutako Euskal Herria bat eraiki behar du, estatutik datozen erreforma, murrizketa, inposaketa eta ukazioen gainetik".

Ekimenak

Honela, martxoaren 29ko grebara deialdia egin eta eskualdean egingo diren beste ekimen berri eman dute. Martxoaren 23an, 19:00etan Lasarte-Orian Okendo plazatik aterako den manifestazioa antolatu dute eta martxoaren 27an Hernanitik hasita eskualdeko osotik igaroko den kotxe karabana bat egingo dute.
Era berean, herrietako eragile sozial eta politikoekin harremanetan jarri direla ere aurreratu dute, martxoaren 29an grebari babesa emateko ekimen eta mobilizaioak antolatzeko.

Kontzentrazioa

Honetaz gain, prentsaurrekoaren ostean, udaletxe aurrean "Inposaketen aurrean, burujabetza. M-29 greba orokorra!" lemapean kontzentrazioa egin dute LAB sindikatuko kideek.