Aukeran zeuden ikuskizunetatik hiru hautatu ditu Udalak Erketz dantza taldearen laguntzarekin eta beraz hiru dantza garaikide emanaldi izango dira. Lehenengoa, hurrengo ostiralean arratsaldeko 20:30ean izango da Ertza taldearen Act of God, eta beste biak udazkenean, azaroak 16 ostiralean Kukairen Oteizari biraka eta 17an larunbat arratsaldez haurrentzako Elirale Konpainiaren Ninika. Ostiraleko emanaldirako sarrerak lasarteoriasarean.org webean salgai daude 5 eurotan eta leihatilan astelehenetik aurrera, 6 eurotan salduko dira.
Act of God irailean estreinatu zuten Donostian, eta Madrilen, Andaluzian eta Bizkaian eskaini eta gero, Lasarte-Orian egingo dute, hemen, euskaraz. Boris Nogales Kultura Saileko zinegotziak astearteko aurkezpenean adierazi zuenez, ez dute zalantzarik izan ikuskizun hau ekartzea erabakitzerakoan, “Harkaitz Cano lasarteoriatarraren hitzetan oinarrituta zela jakinik”.
Ertza dantza taldeko Asier Zabaletak azaldu zuenez erlijioaren gaia jorratu dute, “Saramagoren Cain liburua irakurri eta gero sortu zen ideia, gustatu zitzaidan umorez eta ironiaz jaungoikoari galderak egiteko duen ausardia” eta izpiritu hori irudikatzen saiatu dira Ertza taldeko Eneko Gil, Lorentxa Iturralde, Noemi Viana eta Asier Zabaleta dantzariak.
Gainera, dantza egitearekin batera testuak esan behar izan dituzte eta ahalegin berezia eskatu die horrek: “orain arte egindako ikuskizunen artean gehiena”. Asier Zabaletaren ustez: “dantzak oso biziak dira eta ez da erraza. Ikaragarri ikasi dugu Ander Lipusekin, bere laguntza ezinbestekoa izan da, mila ariketa eta teknika erakutsi dizkigu”.
Esan bezala Harkaitz Canoren testuen dramatizazioa Ander Lipus aktoreak egin du eta musika Xabier Erkiziak: Bach-en musikak moldatu eta zenbait pieza original sortu ditu honek.
Harkaitz Canok asteazkenean Kultur Etxean prentsaren aurrean azaldu zuenez, bere lehen esperientzia izan da dantza talde batekin, baina asko gozatu du: “testu horiek nola landu dituzten, nola eskenaratu eta testura hori nola eman dioten ikustea gozagarria izan da. Gidoilarietaz asko erabiltzen den esaldia da paperak dena agoantatzen duela, baina gero aktore batek etorri behar du esatera. Idazten duen pertsona batentzat ikasketa polita da beti, hitzen pisu atomikoa nola aldatzen den ikustea. Paperaren gainean pisu espezifikoa dauka baina gero esaten denean pisu hori handitu edo txikitu egiten da; beste oreka bat sortzen da erabat diferentea eta kasu honetan areago, dantza tartean dagoelarik. Ez da antzerkia,... baina baliatzen saiatzea arlo bakoitzaren potentzialtasun guztia ikuskizun bakarraren mesedetan oso aberasgarria da”.
