LOKEko Amaia Curiel, Mario eta Oscar Garrido borroka olinpikoko junior eta eskolarteko mailako Espainiako txapelketan izan ziren lehengo asteburuan Granadan eta bi brontzezko domina ekarri zituzten bertatik.
Junior mailan, Amaia Curielek brontzezko domina lortu zuen 63 kilo mailan.
Bere mailan bost parte hartzaile zeudenez, ligaxka moduko lehiaketari aurre egin behar izan zion Amaiak.
Honela, lau borroka izan zituen lasarteoriatar gazteak. Lehenengoa erraz irabazi zuen, bigarrenean gerora Espainiako txapeldun izango zen Huarte nafarraren aurka galdu zuen, hirugarrena ere galdu zuen eta azkenekoan irabazle izan zen. Norgehiagoketan lortutako garaipenekin hirugarren postua eskuratu zuen azkenean Curielek.
Eskolakoarteko txapelketan Oscar Garrido gazteak ere hirugarren postua lortu zuen, 85 kiloko mailan.
LOKEko gazteak final zortziren eta laurdenetako borrokak erraz irabazi zituen. Final erdietan Adrian Valero valentziarraren aurka galdu zuen eta hirugarren postuko norgehiagoka izan zuen Madrilgo Jakub Andrakaren aurka. Honetan ere, erraz gailendu zen herritarra eta brontzezko domina ekarri zuen herrira.
Honetaz gain, junior mailako 74 kiloko pisuan, Mario Garrido lehiatu zen. Mariok bere lehenengo borroka galdu zuen eta ez zuen aukerarik izan. Honela hamaikagarren postuan amaitu zuen txapelketa.
Espainiako Liga
Bestalde, LOKEko Esteban Martinez Hondarribiko Amaguadalupeko taldeko juniorrekin lehiatu zen Villaviciosa de Odon-en jokatu zen judoko Espainiako Ligako bigarren jardunaldian eta lehenengo postua eskuratu zuten.
Bigarren saio honetan J.C. Sotillo, J.C. San Sebastian eta Brunete-ren aurka izan ziren norgehiagokak eta hirurak irabazi zituzten. Martinezek garaipen horretan lagundu zuen, bere hiru borroketan arerioei gailendu baitzitzaien.
Alebinak
Gainera, taldeko txikienek, alebinek, Eskola Kiroleko sailkapen saioa izan zuten Tolosan, larunbatean.
Bertan, Ander Garrido, Talib Vergara, Alex Saleta, Manu Revuelta, Garikoitz Mena, Beñar Arizeta, Unai Posadas, Iker, Pello Uranga, Henry Wergner eta Ibai Tamayo lan ona egin zuten eta maiatzaren 20an Hernanin izango den Gipuzkoako txapelketarako txartela lortu zuten guztiek.