Haren Alde laguntzeko elkartasun ahotsak

Txintxarri Aldizkaria 2012ko mar. 11a, 19:33
Bost kontinentetako 20 herrialdetan baino gehiagotan egiten du lan Haren Alde gobernuz kanpoko erakundeak elkartasuna, giza eskubideak, justizia soziala, berdintasuna eta beste hainbat balore sustatuz. Euren lana ezagutzera eman eta bide batez euren proiektuarentzat finantzaketa lortzeko asmoz, kontzertu sorta polita eskaini zuten herriko zein kanpoko hainbat artistak larunbat arratsaldean Manuel Lekuona kultur-etxean.
Elkartasun doinu eta ahotsak entzun ziren larunbat arratsaldean kultur-etxean. Haren Alde GKEri borondate osoarekin eta musutruk aritu ziren herriko Alboka Abesbatza, Joserra San Sebastian bakarlaria eta Elena Bugedo andaluziarra besteak beste.

Albokaren doinu gozoak

Beste behin ere, herriko Alboka abesbatzak bere kalitatearen berri eman zuen, euren ahots zerutiarrekin, Haren Alderen lana lagundu nahi izan zuten.

Joserra San Sebastian ederki

Maitasuna erabili ohi du gaitzat Joserra Sansebastian bakarlari “lasarte-oriotarrak” bere obrak konposatzean.
Hala ere, erakutsi zuen maitasunaz gain, aitatasunari buruzko gai korapilatsuei buruz ere baduela zer esanik. Gainera, detaile polita eduki zuen zendu berri den Manuel Lasarte bertsolariarekin, abesti bat eskaini baitzion.

Elena Bugedo andaluziarrak bere ahots gozo eta naturaltasunarekin publikoa konkistatu zuen.
Elena Bugedo artista

Malagatik Lasarte-Oriarainoko bidea Haren Alderen aldeko kontzertu bat emateko egin zuen artista andaluziarrak eta entzuleak erabat asebete zituen bere ahots zoragarri eta inprobisatzeko gaitasunaz.

Haren Alderen esker ona

Kontzertua ikustera etorri ziren guztiei esker ona adierazi nahi izan zien David del Valle mediku lasarteoriatarrak eta bereziki aipatu nahi izan zuen jendeak ematen dien laguntzarik gabe ezingo luketela euren proiektua aurrera eraman. Beraz, bihotzez eman zizkien eskerrak entzule guztiei.