Jesus Zaballos PSE-EEko bozeramaleak astelehen goizean eman zuen proposamenaren berri prentsaurrekoan. Alderdi honen iritziz, errepide eta tren garraioan arituko direnen Estatu mailako formakuntza zentroa Lasarte Orian jartzeak onura handiak ekarriko dio herriari, hainbat tokitako ikasleak etorriko baitira eta herriko, ostatu, jatetxe, taberna, denda eta abarrek nabarituko baitute ikastaroek irauten duten bitartean. Dena den, Jaurlaritzako Garraio Sailak egina du eskaera, baina, Zaballosek aurreratu zuenez beste hiru batzuek, esaterako Valladolid-ek ere bai.
Zentro hori irekitzeko, Villa Mirentxu ondoan den eraikina gainera egokia dela eta zenbait datu eskaini zituen Zaballos-ek. Zentroak 2415 metro karratuko espazioa du bi pisutan banatuta, 122 ikaslerentzat lekua du eta ia ez du martxan jartzeko inbertsiorik eskatzen. 1979an zabaldu zen, 1992tik garraio arloan dihardu eta orain tren garraiora irekitzeko eskatuko da.
Otsailaren 27an sinatu zuten Iñaki Arriola, Etxebizitza, Garraio eta Lan Publiko kontseilariak eta Gemma Zabaleta, Enplegu eta Gizarte Gaietako kontseilariak aipatutako zentroaren sorrera bultzatzeko adierazpen instituzionala.
Jaurlaritzak Lasarte-Oriako Lanbide zentroa, Garraio arloko Formakuntza, Ikerketa eta Garapen Zentro bihurtzeko egitasmoa bultzatzeko arrazoiak txosten mardul batean bildu dituzte gainera. Zaballosek prentsaurrekoan txostenean jaso dituzten hainbat elementu azaldu zituen. Jaurlaritzaren ustez, batetik Erkidegoan dauden formakuntza guneak oso banatuak daudenez, batean biltzeko bultzatu nahi dute zentro hau eta bestetik Erkidegoa Europan, ardatz atlantikoaren baitan, oso ondo kokatua dagoela uste dute; garraio arloan tradizio handiko enpresa berritzaileak daudela; trenbide sare propioa duela, hiru aireportu eta bi portu, eta beraz garraio arloko gune aurrerakoi bat jartzeko toki estrategikoa dela.
Jesus Zaballosek adierazi zuenez eskaerarekin bat egin dute Irungo Udalak, CAF, PESA, Irizar eta Eusko Tren enpresek, eta beste zenbait erakundek, besteak beste Bilbo eta Irungo Logistica Institutuek, Irungo Garraio eta Merkataritza institutuak, Lutxanan Eusko Trenek duen Institutuak, Don Bosco eta Plaiaundi institutuek, EHU, Deustu eta Mondragon unibertsitateek eta Merkataritza Ganbarek.
Astearteko plenoan Udalak ere bat egiteko aukera izango du. Bi puntu ditu PSE-EEren proposamenak, lehenengoan, Zentroaren sorrera bultzatzeko adierazpenarekin bat egiteko eta bere garapenean laguntzeko prest agertzeko eskatzen da eta bigarrenean Etxebizitza, Garraio eta Lan Publiko eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailei atxikimenduaren berri emateko.
