Bost hilabete gogor aurretik ditu aurretik Gaizka Ormazabalek, baina argi dauka zer gustatzen zaion, argi du zerekin gozatzen duen, korrika egitea da bere pasioa, kirola egitea oro har. Baina kirolaz gain, erdi mailako ikasketak burutzen ari da Errenterian eta udaran umeekin begirale ere aritzen da.
Nola joan zitzaizun otsaileko Espainiako pista estaliko txapelketa?
Espainiako txapelketara nahiko forman iritsi nintzen, puntu onean eta marka onarekin gainera. Baina Sabadell-en ezin izan nuen neure onena eman. Izan ere, Donostiako belodromoko pista desberdina da, kurba itxiagoa eta peralte handiagoa dauzkagu hemen eta Espainiako Txapelketako pistak peralte gutxiago zeukanez, korrika egiteko garaian nabaritu egin nuen, kurba bukaeran kanporantz joaten bainintzen hamarren batzuk galduz. Ondorioz, ezin izan nuen esperotako denbora egin.
Oro har, Espainiako Txapelketara joan ginen gipuzkoarrok marka okerragoak egin genituen arrazoi horrexegatik. Nire kasuan, 22:75eko markarekin joan nintzen eta han 23:11 segundotan osatu nituen 200 metroak. Egia da Espainiako Txapelketaren urduritasuna eta esperientzia falta nabaritu ditudala, baliteke horrek ere eragina izatea.
Nola planteatu duzue denboraldia zure entrenatzaile Oscar Goikoetxeak eta zuk?
Denboraldi hasieran bildu egiten gara. Lehiatu nahi ditudan lasterketak zein diren galdetu eta libre ditudan datekin bat etor daitezen saiatzen gara.
Atletismo denboraldia bi zatitan banatzen da, pista estaliko denboraldia eta aire librekoa. Beraz, Irailean aurre-denboraldia egiten dugu, gero, martxora arte pista estalian lehiatzen gara, ondoren deskantsu pixka bat hartzen dugu eta apiriletik aurrera, abuztura arte aire libreko denboraldian lehiatzen gara. Denboraldia amaitzean, hilabete edo hilabete eta erdiko oporrak hartzen ditugu eta orduan aprobetxatzen dugu lagunekin atera eta bizitzaz disfrutatzeko.
Beraz, aire irekiko denboraldia hasiko duzu orain, ze asmo edo helburu dituzu hurrengo hilabeteetarako?
Hurrengo bost hilabete hauetan buru-belarri entrenatuko dut, betiere aire irekiko Espainiako txapelketari begira, 400 metro hesidunak prestatu nahi baititut eta bide batez Bidasoako taldearekin (LOKE taldea Bidasoaren filiala da) joan nahiko nuke Espainiako lehen mailako ligako hiru jardunalditan parte-hartzera, Espainiako puntu desberdinetara. Horretaz gain, Espainiako “promesa” txapelketan ere lehiatu nahiko nuke.
Zein entrenamendu sistema jarraitu duzue?
Entrenamendu sistemari dagokionez, astero gutxi gora behera antzekoa egiten dugu. Astean bost egunetan joaten naiz entrenatzera, egun batean pesak, beste batean hesiak, hurrengo egunean abiadura eta azkenik, fondoa eginez osatzen dugu entrenamendu sistema. Egunero ordu eta erdi inguruko entrenamenduak burutzen ditut, batzuetan luzeagoak ere bai.
Bateragarria al da 200 metro eta 400 metro hesidun probak denboraldi berean egitea?
Bai, bada. Izan ere, bost hilabete luze dauzkat orain aurretik eta hilabeteotan fondoa egiten dugunez ez dut egokitzeko arazorik izango.
Ikasketak atletismoarekin uztartzeko arazorik bai?
Ez, ez dut arazorik. Orain erdi mailako hotz eta bero ikasketak egiten ari naiz Errenterian, baina denbora ondo antolatzen baduzu bi gauzak egin ditzakezu arazorik gabe.
Bizkarreko lesioekin hasi zenuen denboraldia... Zer moduz, osatu al zara?
Kotxe istripu bat izan nuen denboraldi hasieran eta entrenatzeari utzi behar izan nion boladatxo batez. Baina orain ondo nago, osatu naiz eta bestelako lesio muskularrik izan ez dudanez, denboraldi ona daramat zentzu horretan.
Non aurkitzen duzu egunero entrenatzera joateko motibazioa?
Adrenalina askatzeko modu bat bezala ikusten dut atletismoa, nahiz eta markak hobetzeak eta Espainiako Txapelketetara joateko lehiatzeak ere motibatzen nauen.
Txapelketa edo frogaren bat hasi aurretik nerbioak kontrolatzeko sistemaren bat erabiltzen al duzu?
Aurreko urteetan edozein lasterketa hasi aurretik oso urduri jartzen nintzen, tripak nahastu egiten zitzaizkidan. Aurten ordea, beste filosofia batekin hartu dut denboraldia, egiten dudanaz disfrutatzea dut helburu, garai bateko presiorik ez diot jartzen nire buruari eta funtzionatu didala esango nuke, emaitza onak ari bainaiz jasotzen.
Entrenatzaile lanetan aritzen zara, umeekin. Zer nolako esperientzia da?
Oso ona, asko gustatzen zait umeekin egotea eta udalekuetan begirale lanetan aritzen naizenez, badakit eurekin kontaktuan egoten. Aurten benjamin eta alebin taldetxo bat zaintzen dut. Nire helburua da umeei erakustea atletismoa ez dela bakarrik korrika egitea, atletismoaren barnean modalitate desberdinak daudela irakasten saiatzen naiz eta batez ere umeek kirola egin dezaten eta ondo pasa dezaten nahi izaten dut.
Aurten LOKE zure taldea emaitza onak ari da izaten kategoria guztietan. Zein da emaitza on horiek izatearen arrazoia?
Taldeko giroa oso ona da. Taldekide guztien arteko harremana bikaina da, nahiz eta adin-tarte desberdinekoak garen. Elkarrekin dugun harreman onak entrenamenduak erraztu egiten ditu eta Oscar Goikoetxea entrenatzailea lan ona egiten ari denaren seinale da hori.
Bestalde, aipatu nahiko nuke ez dugula babesle baten laguntzarik eta horrek kanpora bidaiatzera joatea zailtzen digula. Gainera, azken urteotan maila ona ematen ari da taldea, marka apartak eginez, eta pena da lan bikain hau inork ez aintzat hartzea babes ekonomikoa emanez.
Atletismoa beste kirol batzuk adina baloratua dago? Ba al du beste kirolek ez duten zerbait? Buruarentzat kirol gogorra dirudi...
Norbanako kirola izanik, hanka sartzeen ondorioak zuk bakarrik jasaten dituzu, bakarrik zaude arriskuaren aurrean, zuk badakizu zertan zabiltzan, zenbat entrenatzen duzun egunero... Gauzak ondo eginez gero, emaitzak iristen dira azkenean. Baina gauzak gaizki ateraz gero, errudun bakarra dago, zu zeu.
Presioa ere izaten da atletismoan, noski, zuk zeure buruari jarritakoa, baina presio pixka batek ez dizu inoiz kalterik egiten, neurrian bada behintzat. Hori bai, denboraldi amaieran neke psikologiko eta fisikoa zein deskantsu falta nabaritzen ditut eta oporrak oso gustura hartzen ditut aire libreko denboraldia amaitzean, pilak kargatzeko.
Atletismoaz gain, beste hainbat kirol ere egin izan dituzu, futbola, txirrindularitza, mendia... Kirolik gabe bizi ezin den horietakoa al zara?
Hori da, mugimenduan egon gabe ezin naiz bizi, kosta egiten zait etxean ezer egin gabe egotea, oso aktiboa naiz eta ez naiz geldirik egoteko jaio.
