“Enkarguzko lanak asko gustatzen zaizkit”

jon-altuna 2012ko mar. 12a, 13:36

Asier Zabaleta dantzariak Harkaitz Canori eskatu zion Act of God ikuskizunerako testua idazteko. Honek azaldu digu sormen prozesuan bi abiapuntu izan zirela, oraindik irakurri gabe zuen Jose Saramago idazlearen Cain nobela batetik eta Ertza taldeko dantzariek prestatu zituzten testu batzuek, bestetik. “jasotako iritzi eta apunte batzuek ideia solteak ziren, esanguratsua da beste asko galderak zirela... eta hortik abiatuta testu batzuek egin nituen, eta gero beraiek egin zuten aukeraketa.

Gustura egin al zenuen lana?
Bai, enkarguzko lanak asko gustatzen zaizkit niri, bestela egingo ez zenituzkeen gauzak egitera eramaten zaituztelako. Badauka horrelako derrigortze puntu bat baina desafio bat ere bada nolabait. Hau nahasketa bat izan zen, enkargua batetik, Cain eta beraien testu horiek, eta gero beraiekin hitz egin ondoren eta nahi zutena oso kontutan hartuta, neronen ikuspegia zein zen.
Gero egia da baita ere behin testu horiek mastekatu, xehatu eta hausnartzen gauza batzuek erori egiten direla, beste batzuek aldatu... .
Asier Zabaleta dantzariarekin, batera, Ander Lipus aktorea, Xabier Erkizia musikaria eta zu zeu arduratu zarete hurrenez hurren dramaturgia, musika eta hitzetaz. Kanpotik ikusita, talde bikaina dirudi, nolakoa izan da elkarlana?
Ander Lipusekin prozesu horretan behin egon nintzen, eta ez nuen parte hartu entseguetan. Hori jada beraien kontua izan zen. Xabier Erkiziari dagokionez, lurrikararen momentua adibidez ikaragarria da, lurrikara bat sortu du berak, ez dakit benetan edo brometan esan zuen, baina sukaldeko tenedore, mahai, aulkiak eta abar, arrastaka erabiliz. Oso momentu polita da. Talde majoa bildu du Asierrek, baina hori bere meritua da. Nik hitzak egin eta entsegu orokor batean egon nintzen.

Aurretik eginak dituzu poesia errezitaldiak, baina hau beste gauza bat da, nola deituko zenioke honi, ze ez dira poemak, ez ipuinak...
Ez, poemarik ez dago. Horrelakoetan ez dut jakiten oso ondo zein izan jarri, artefaktu testualak-edo, ez da antzerkia,... zati batzuek dialogatuak dira, beste batzuek monologoak, beste batzuek erdi kantatu egiten dituzte... orduan ikuskizun baterako sortutako testuak dira, gero nolabaiteko manipulazio bat egongo dela jakinaren gainean eginak, zatitxoak dira, hainbat sketch ez komiko...

Honetaz aparte ikuskizun edo errezitaldi bat prest daukazu?
Bai, Beñat Barandiaran gitarra jolearekin prestatu dudan emanaldi bat da, “Sidekar arima” izena du, poemak dira. Beñatek oso estilo diferenteak jotzen ditu gitarrarekin, flamenkoa, heavy-metala,... oso bariatua da alde horretatik, eta bilatu ditugu funtzionatzen duten poema zatiak.

Hemen dantzarekin uztartu zara, jakin nahi dut zein lotuta duzun beste arte espresioekin, antzerkia, zinema, komikia,...
Aipatu dituzunen artean, harreman politena momentu honetan komikiarekin daukat, komikia delako zinema perfektua. Zer esan nahi dudan horrekin? komikiko binetaren barruan agertzen den oro da gidoilari eta marrazkilariaren arteko akordio baten ondorio. Aldiz, telebistan edota zinean, eguraldiaren menpe dago, edota aurrekontuaren menpe, aktoreen menpe, gauza gehiegiren menpe dago nire gusturako. Ni ohituta nago dena kontrolatzeaz. Alde horretatik komikia niretzat oso errekonfortantea da.

Ari al zara zerbait egiten?
Iñaki Holgadorekin “Piztia Otzanak” izeneko albuma atera genuen Xabiroi aldizkariaren barruan, bigarren istorio bat egin dugu elkarrekin, “Zebra Efektua”, eta orain museoekin zerikusia duen hirugarren albuma abiatuko dugu.

Zer moduzko kritikak jaso dituzu Twist zure azken nobelak?
Pozik nago, jaso dudan Feed Back- a inoiz baino hobea izan da eta. Kritiketaz aparte, zuretzat inportantea den hainbat jende, profesiokoen eta lagunen artean izan den harrera, gutxi gorabehera nik sumatu edo nahi nuen ildotik joan dira irakurketak eta gustura nago.

Pozik etortzen al zara Lasarte-Oriara?
Bai, gainera orain oso ondo komunikatuta dago Donostiarekin, ez gure garaian bezala. Duela 20 urte baino gehiago, 40 minutu behar ziren autobus karrakan eta orain ia ia Antiguara joatea bezala da hona etortzea. Aspaldian asko etorri naiz lan kontuengatik, baina ezin da oraindik ezer esan.

Eta zer esango zenieke lasarteoriatarrei ostiraleko emanaldiari buruz?
Gozatzeko, aukera polita da eta: dantza, antzerki eta hitza elkartzen dituen istorio bat.