San Pedro jaietarako hiru hilabete geratzen dira eta jaietako egitaraua finkatzeko ordua da. Aurten parte hartze prozesu bidez, herritarrek eta taldeek haien proposamenak egin dezakete eta haien ekarpenekin guztien San Pedro jaiak osatzea lortu nahi du Udalak. Gauzak honela, aste honetan Manuel Lekuonan lau saio prestatu ditu egitarauari buruz hitz egiteko.
Gaurkoan prozesuari hasiera eman eta ekimenaren aurkezpena egin dute Tasio Arrizabalaga festetako batzorde buruak eta Xabier Goitia festetako teknikariak eta Alaitz Mendizabal parte-hartze batzorde buruak eta Larraitz Sarobe parte-hartze teknikariak.
Era berean, iazko jaietako egitaraak zuen ekintzen banaketa eta hauek aurrekontuan zuten ehunekoa aztertu dute. Jarraian, aurtengo aurrekontuei eta taldeek izan ditzaketen diru laguntzei buruz hitz egin dute.
Honetaz gain, egitarau nagusiko hainbat ekitaldietaz, hala nola, txupinazoa, zezenka, su artifizialak, omenaldia etab. mintzo da eta hauek jaietan izan dezaketen lekua aztertu da hitzaldi aretoan bildu diren herritarren artean.
